martes, 20 de noviembre de 2018

HAMAIKA AMAREN SEME (ALABA) EMANALDIAK


Atzo Donostian egindako prentsaurrekoaren ostean, ezagunak ditugu DATek Hamaika amaren seme (alaba) obrarekin izango dituen emanaldiak.


Azaroak 23-24 
Oñati.  Santa Ana Antzokia

Abenduak 2
Arrasate. Amaia Antzokia

Abenduak 16
Aramaio. Kultura Etxeko Antzokia

Urtarrilak 12
Iruñea: Iturramako Civivox Antzokia

Urtarrilak 26
Bilbo. Arriaga Antzokia

Otsailak 2
Donostia. Antzoki Zaharra

Otsailak 12
Gasteiz. Felix Petite Antzokia


domingo, 18 de noviembre de 2018

HAMAIKA AMAREN SEME (ALABA)


Ozen esaten ari zena, azkenik, ofiziala da eta gure txoko honetan ere eman dezakegu ezagutzera Doke Antzerki Taldearen azken ekarpenaren nondik norakoa. Buru belarri ibili gara sartuta azken urtean ekoizpen berriarekin: Hamaika amaren seme (alaba)

Eusko Ikaskuntzaren enkarguz Josemari Velez de Mendizabal DATen kideak, erakunde horren mendeurrenerako lan bat idatzi zuen. Testua Vene Herrero DATen zuzendariaren eskuetan ipini zuen eta horri aurrera eramateko oinarri egokia zela iruditu zitzaion. Horren ondorioa da, azaroaren 23an Oñatin estreinatuko den antzezlana.

Orain arteko bidean lan asko izan da. Hasteko, obraren atal desberdinak hobeto ulertzen lagun lezakeen musika sortu behar zen. Norengana jo? DATek Sabin Salaberri musikari aramaioarrarengan pentsatu zuen, lankidetzan aritu baitira orain baino lehen ere, emaitza onarekin. Beraz, Sabinek musika konposatu eta egokitu du.

Bestalde, bistan zegoen DATen ohiko antzezleez gain beste kide batzuen laguntza ezinbestekoa zela. Eta taldeak Aramaion jarri zituen begiak, hain zuzen ere Papargorri abesbatzan. Larraitz Arriolabengoa zuzendariak lehen unetik ilusio handiarekin batu zuen abesbatzaren zenbait kideren ekarpena eta aramaioarrak primeran egokitu dira DATen dinamikara.

Lerro hauen buruan jarritako kartelari erreparatuz, garbi dago DATek zein artista plastikorengana jo zuen, eszenografia prestatzeko: Iñigo Arregi. Eskulturgile arrasatearrak dimentsio aproposa eman dio obraren eszenifikazioari.

lunes, 14 de mayo de 2018

AZAROAK 23

Oñatin izango da, azaroaren 23an. DATek bere obra berria estreinatuko du. Entseguetan jo eta ke ari dira kideak, Aramaio eta Arrasaten. Zailasunak zailtasun,  taldeak -kide berri ugarirekin- gogoz dihardu eta ilusioarekin begiratzen diote egutegiari, izan ere dagoeneko zenbait emanaldi hitzartuta dituzte.



Lua txikiak ere bere ekarpentxoa egin nahi izan dio gaurko idazkiño honi. Ate joka ari dira gazte asko DATen ateetara, antzerki lanetan enbarkatzeko irrikan. Denentzat izango da aukera.


Argazkiak: DAT eta Lua

sábado, 17 de febrero de 2018

OBRA BERRI BATEAN, BETE BETEAN

Doke Antzerki Taldeak beste obra bat taularatuko du aurten eta buru belarri ari da prestakuntza lanetan. Bi urte eman dira "Aingeru ala kurriloi?" antzezlana eskaintzen hasi zirenetik eta artean haren dramatizazioa ahaztu gabe bestelako antzezlan berri baterako konpromisoa hartu zuten dokekideek, eta 2018ko azaroan dute hitzordu berria.
 
Aurrekoetan bezala, Aramaion ari dira entseguetan, Vene Herrero zuzendariaren gidaritzapean. Baina obrak berrikuntza sakona dakar eta ohiko dokekideez gain gazte multzo baten presentzia nabarmentzen da. Laster albiste gehiago izango dira DATen muntaia berri honetaz.





Argazkiak: DAT

jueves, 8 de febrero de 2018

"MATEOREN AMA" IZANGO DA MARIASUN PAGOAGA


Modu txikitxoan parte hartu zuen "Handia" filmerako txaloak oraindik amatatu ez direnean, beste egitasmo batean ari da Mariasun Pagoaga dokekidea, oraingoan ere Moriarti ekoizlearen eskutik. Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagak idatzitako gidoia da. Laburmetraia formatoan errodatuko da eta "Mateoren ama" izango du titulua. Dagoeneko, entseguetan ari dira. Mariasunek bi pertsonaiari eman beharko dio bizitza. A! Eta gainera, Mariasunek pelikulan Arrasateko kaleko euskalkia erabiliko du.

Dokekidearen zine-eskarmentuko zenbatgarren pelikula dueneko kontua galdu dugunean - zazpigarrena, oker ez bagaude- Mariasunek biziki eskertzen du Moriartikoek berarengan berriz ere jarritako konfiantza. Beti esan duen moduan, luxu bat da Arregi, Goenaga, Garaño eta abarrekin lan egitea. Oso pozik dabil dokekidea aukera berri honekin. 

Mariasunek aurten dituen helburuen artean ez da bakarrik pelikula hori agertzen. DATekin beste egitasmo bat ari da prestatzen, azaroan taularatuko dena. 

Zorionak Mariasun!

martes, 23 de enero de 2018

MAIDER IPUIN KONTALARIA



Beste behin ere aritu ginen txoko honetan Maider Alzelayri buruz. Dokekide gazte trebea dugu Maider eta azken honetan egitasmo polit batean dabil, ipuin kontalari bezala. DATaren ekoizpen berrian buru belarri sartuta ari bada ere, oraindik orduak geratzen bide zaizkio eta bera bakarrik edo Vanessa Gonzalezekin batera Euskal Herriko puntu askotara heldu da bere artearekin. 

Biziki atsegin du Maiderrek antzeztea eta edozein formato aukerakoa du publikoarengana heltzeko. DATarekin daramatzan urteetan ikusle helduentzat aritu den erraztasun berberarekin haurrentzako ipuin, alegi eta legenden esparruan ere eroso sentitzen da Maider. Bejondeiola eta aurrera!

Informazio gehiago: http://maideralcelay.blogspot.com.es/

lunes, 24 de abril de 2017

AINGERU ALA KURRILOI? AGUR

DOKE ANTZERKI TALDEAk itxi egin du "Aingeru ala kurriloi? obraren kapitulua,  oso emaitza onarekin itxi ere. Vene Herreroren zuzendaritzapean aritu zen DAT antzezlan horrekin eta kritika guztien arabera taldeak ordura arteko bere estiloa guztiz aldatu zuen, irri antzerkian ez ezik draman ondo moldatzen direla erakutsiz.

Eskerrak eman nahi dizkiete DATeko kideek, obra ikustera hurbildu zirenei. Baita kritika eta medioei, horiek gabe ezin baita zirkulua bete.

DATek bideo bat egin du obrarekin eta interesatuak koxmezubia@gmail.com helbidean eska dezake.
Halaber, obraren testua lor dezakezu helbide berdinera joz.

DAT beste egitasmo batean dago une hauetan eta 2018an irtengo da ostera antzeztokietara.