jueves, 27 de diciembre de 2018

AUTOBUSA BILBORA

Bilboko Teatro Arriagan, urtarrilaren 26an izango den emanaldirako sortutako ikusmina asetzearren DATek autobuz bat antolatu du. Autobusa Aramaiotik aterako da eta geldialdi bat egingo du Arrasaten, herri honetako bidaiariak hartzeko.Interesatuak jadanik egin dezake erreserba. Plazak mugatuta daude, autobusaren kapazitatera.
 


miércoles, 19 de diciembre de 2018

JAI ZORIONTSUAK ETA 2019 ON!


Aurtengo emanaldiak bukatu ditugu eta orain atsedentxo bat hartzera goaz. Urtarrilean berriro aterako gara eszenategietara.

Gure desiorik onenak jai hauetarako eta 2019 urte osorako ere.

lunes, 10 de diciembre de 2018

HAMAIKA AMAREN SEME (ALABA) ARAMAION, HILAK 16an

Hamaika amaren seme (alaba) Aramaiora iristen da abenduaren 16an. DATek azaroaren 23an estreinatu zuen Oñatin, Arrasatetik igaro zen abenduaren 2an eta orain hirugarren antzokian aurkeztuko du.

Aramaioko herriak protagonismo hartzen du antzezlan honen ekoizpenean.  Eszenategian ari diren hamairu pertsonetatik hamar aramaioxarrak dira. Baita obraren egilea bera eta musika egokitzailea. Entseguei ere Aramaioko antzokian ekin zitzaien, hain zuzen hilak 16an emanaldia izango den toki bertsuan. Beraz, esan daiteke Aramaiok ekarpen polita egin diola Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrenari.

Aramaiok xarma berezia du Dokeko kideentzat, 2005ean hautatu baitzuten herri horretako antzokia euren entsegu orokorretako toki, Aramaioko Udalaren eskuzabaltasunari esker. Barrutiaren "Actto para la Noche Buena" izan zen Aramaion prestatu zen lehena, eta esan daiteke herria eta DATen arteko armoniak gaur eguneko fruitua eman duela. Ez da marka makala, ohiko dokekide esperientziadunei gazte berri andana bat gehitzea oraingo antzezlan honetarako.

Modu bereziz eskertu nahi dio DATek Aramaioko Udalari orain arteko laguntza guztiengatik.


Hitzordua, beraz, abenduaren 16an, Aramaioko Kultura Etxean, arratsaldeko 19´30etan

Argazkiak: DAT