viernes, 22 de marzo de 2013

HARRIZ PENTSATZEA // PENSAR EN PIEDRA



Itziar Rekalde DATeko zuzendariak obra berri bat estreinatu du gaur gauean, Gasteizko La Monstrenka  aretoan.  "Harriz pentsatzea" (Pensar en piedra)  bakarrizketa interaktiboa eskaini du oso emanaldi bikainean. Bukaerako txaloek justizia egin dute,  ordubete luzeko antzezpenak une ederrak pasarazten baitizkio ikusleari. 

DATeko zuzendariak gazteleraz eman du gaurko saioa baina  euskarazko bertsioa ere prestatua dauka. Obraren dramaturgiaz Itziar bera eta Ana Perez arduratu dira. 

Gonçalo Tavares, Jose Blanco eta Itziar Rekalderen beraren testua da "Harriz pentsatzea", eta egileek diotenez "bideko geldiune bat da; bizitza une izoztu bat. Izateari arrazoi bat bilatu nahi izatea da, izaeraren beraren indarrak zapalduta geratzen dena. Harriak bera geldiarazten duen pisua adierazten du eta halaber bidea markatzeko lanabesa, aurrera egiten segitzeko zubia. Gatazka eta babesa da"

 "Mundua lotan dagoela bidaiatzea dut atsegin, horrela gauzak arnasa modu naturalean hartzen ari ikusten baititut. Lotan gaudenean bakarrik gara naturalak. Guztia dago dagokion tokian eta gauzak goitik behatzen ditugu. Ikusteko gai naiz. Horregatik gustatzen zait nire burua hainbeste. Dena lotan dagoelako, inork ikusten ez nauelako eta nire burua ikusten dudalako gustatzen naiz"  zioen Itziarrek bere interpretazioan.


 

sábado, 16 de marzo de 2013

PARADISUKO ATEAN, DVD ETA INTERNETen




PARADISUKO ATEAN obrarekin amaitu ondoren iritsi da garaia produktua beste bide batetik zuzentzeko eta dagoeneko DVD bat ekoiztu dugu, Arteman enpresaren laguntzarekin. Ordu beteko emanaldi osoa grabatu zuen Artemanek, DATek Arrasaten urtarrilaren 13an burutu saioan. Beraz, zuzeneko grabaketa da eta taldekideok oso gustura geratu gara azken emaitzarekin.

Norbaitek eskuratu nahi badu DVDa  taldekideren baten bitartez eska dezake. Lagunentzako prezio berezia daukagu.




Bestalde, bideo osoa Interneten ikus daiteke, honako helbide honetan: 

http://www.youtube.com/watch?v=fhYPgWPbsyg