lunes, 14 de enero de 2013

ATZOKO EMANALDIA

Iragarrita zegoen bezala, atzo, igandez, emanaldi berezia eskaini genuen Amaia Antzokian, Mondraberri agerkari digitalaren alde. Atzokoa aparteko mugarritzat geneukan, izan ere Mondraberrikoekin ekitaldia adostu genuenetik oso gustura aritu gara  entsaio eta prestaketa lanetan. Eta urtarrilaren 13ko data azpimarratuta zegoen DOKEren agenda partikularrean

"Paradisuko atean" obraren aurkezpena iazko ekainaren 1 eta 2ko emanaldietan egin zen eta orduan estreinaldi guztietako nerbioekin aritu ginela gogoratzen genuen. Atzokoaren atartean ere urduritasuna agertzen zen arren, ez genuen berdina. Duela zazpi hilabetetako publikoa eta atzokoa diferenteak ziren, nahiz eta -kasu batzuetan- pertsona berdinak ikus genitzakeen eserlekuetan. Baina atzo beste arrazoi desberdinak ekarri zituen ikusle guztiak Amaia Antzokira eta hori garbi genuen dokekideok.

 

Blog honetan bertan idatzi izan dugun bezala, euskarazko hedabideak kinka larriko ondorioak pairatzen ari dira eta ezin dakieke etorkizuna urdin kolorez margotu. Horregatik, euskal kazetaritza duintasunez burutu nahi duten medioak euskaltzaleok geure ahalmen mugatuetatik eskain dezakegun laguntza eta babes osoaren premian daude. Batez ere, txikitxoak.

DOKEk bere apaltasunetik bide horretan segituko du, euskararen etorkizunean sinesten baitu. Horregatik hautatu genuen euskara gure lanerako!


Argazkiak: MONDRABERRI

jueves, 10 de enero de 2013

IGANDEAN, AMAIA ANTZOKIAN, 19´30etan

Igandean Mondraberriren alde izango den ekitaldirako gauzak prestatzen ari dira eta jakin badakigu agerkari digitaleko lagunek Arrasateko beste talde batzuen laguntza lortu dutela. Bilerak izan dituzte azken egunotan eta bihar, ostirala 11, arratsaldeko 7etan elkartu egingo dira herriko plazan. Han egongo direla agindu dute, besteak beste, Portaloi abesbatzak, Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeek eta Txistularien taldeak, DOKEkoekin batera, noski.

Mondraberriko arduradunek modu bereziz eratu nahi dute igande arratsaldeko ekitaldia. Horrela, 7 1/2 etan emango zaio hasiera DOKEren "Paradisuko atean" emanaldiarekin eta amaieran aldizkari digitaleko langileek idazki labur bat irakurriko dute eszenategitik. Jarraian Amaia antzokira bertaratutakoei gonbitea egingo diete kazetariek, eszenategira igo eta Portaloi abesbatzarekin batera pare bat abesti kantatzeko.

Mondraberriren aldeko saio honetarako sarrerak honako tokietan daude salgai: Ttukun kopistegian, Lore eta Zabaleta lurrin dendetan, Muruamendiaraz gozotegian, Monte, Kajoi, Iluntz, Taupa, Iamai, Irati eta Arrasate tabernetan. Igandean bertan ere Amaia antzokiko lehiatilan, arratsaldeko 6´30etatik aurrera. Prezioa, 10 euro.



viernes, 4 de enero de 2013

URTE BERRIARI EKINEZ, AMAIAN

Azken hilabeteotan Euskal Herriko zenbait antzokitatik eraman duen obrarekin ekingo dio DOKE ANTZERKI TALDEAK urte berriari. Baina oraingo honetan, ekitaldiaren helburua euskal medio baten alde agertzea da.

Euskarazko komunikabide guztiak gorriak eta bi ikusten ari dira. Oso emaitza ekonomiko kaskarrak aurkeztu dituzte amaitu berri den urtean eta jada gurekin daukagun 2013koa ez da hobea izango, toki denetatik iristen zaizkigun iragarpenen arabera.

Euskarazko komunikabide guztiokin batera dator DAT, aurrera begira lan egitea dagokigula pentsatzen denean. Itxaropentsu eta baikorrak izatea, beste irtenbiderik ez dugu. Horregatik, euskal kulturaren aldeko oraingo ekintza hau Mondraberriren lagunekin batera antolatzea iruditu zitzaion taldeari: laguntza guztiak gutxi izango dira, gure hizkuntza aurrera aterako bada. Eta saio berezia eskainiko du DOKEk. Bere eskaintza ahalmen apaletik, beste edozein euskaltzaleri laguntza luzatuko liokeen bezalaxe, Mondraberri agerkari digitalaren deiari aditu zion eta birritan pentsatu gabe eszenategira irtengo da taldea, gustura.

Urtarrilaren 13an, arratsaldeko 7´30etan, Arrasateko Amaia Antzokian arituko da DAT, "Paradisuko atean" obrarekin.

Arrasateko euskaltzaleoi deia egitea dagokigu, Mondraberriren eguneroko izpiak jasotzen jarrai dezagun.