domingo, 22 de diciembre de 2013

PORTALOI TALDEAREKIN KANTUKA

Legutioko urtegia
Hiru urte jarraian hartu du esku DOKE ANTZERKI TALDEAK, Arrasateko Portaloi Kantu taldeak gonbidatua, GABON KANTALDIA izeneko emanaldian. Duela bi urte Otxandion, iaz Aramaion eta aurten Legution izan da.

Abenduaren 21ean izan zen emanaldia, Legutioko elizan eta giro aparta bizi izan zen bertan, tenplua lepoz beteta eta barruko hotza abeslarien ahotsen berotasunez gaindituta. Lau abesti eskaini zuen Portaloi Taldeak eta horietako bat, Pedro Ignazio de Barrutiaren "Actto para la Noche Buena" antzezlaneko gabon kanta izan zen. DATek 2006an estreinatu zuen kanta hau, Sabin Salaberrik musikatua, eta Euskal Herriko hainbat eszenatokitan eskaini zuen.

Legution grabatutako bideoetako bat da honako hau, Barrutia/Salaberriren GAUR DALA GABON GAUA kantarekin:










lunes, 16 de diciembre de 2013

HAMAR URTE 2014an


Atzean utzi dugu 2013 urtea eta 2014rako planak egiten ari gara, munduko gainerako bizidunok bezalaxe. Hamar urte beteko ditugu 2014an eta modu espezialean ospatu nahi genuke. Ia lortzen dugun. Guregatik ez da emankizunik faltako. 

Antzeztokitik agurtzen zaitugun bitartean, har ezazu gure diosalik beroena.

domingo, 1 de diciembre de 2013

365 EGUNETAN EUSKARAREKIN


Euskararen Naziorteko Eguna dela eta, DOKE ANTZERKI TALDEAk ere erakutsi nahi izan du bere atxikimendua ekimen honetarako. Konbentzituta, gainera, euskarak EGUN asko behar dituela, behar bezalako bidea burutuko bada.

Euskaltzale guztiokin bat eginda, aurrera jo dezagun,   gogoratuz, arrasatearrok giltzarekin izan dugula harreman estua hamarkadetan; eta euskararekin, mendetan.

Beraz, 


DOKE ANTZERKI TALDEA euskararekin, 365 egunetan

 

lunes, 1 de julio de 2013

MARIASUN PAGOAGAREN BOSGARREN PELIKULA

Mari Asun Pagoaga DATeko kideak beste pelikula berri batean hartzen du parte. Aurtengo bigarrena izango da, maiatzean “Loreak errepidean” errodatu baitzuen,  Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien aginduetara.

Oraingoa "Tres mentiras" izenekoa da eta  Ana Murugarren zuzendari nafarrarekin ihardungo du Mariasunek.  Lehendik ezagutzen diote elkarri, Murugarrenek ere zuzendu baitzuen DATeko kidea "El precio de la libertad" (2011) pelikulan. Aste honetan bertan ekingo diote errodaiari Bilbon.

Azken urteotan hain entzutetsua egin den ume lapurtuen gaia izango du ardatz pelikulak eta arrasatearrak Josefa emakumearen papera du, zeinari senar bortitzaren jipoietatik aldendu guran moja batzuengana jo ondoren ume jaio berria kentzen dioten, gogoz kontra.

"Tres mentiras"-eko aktore-aktoresa nagusiak Mikel Losada ("Kutsidazu bidea, Isabel"-eko Juan Mari) eta Nora Navas (2010eko Zilarrezko Maskorra Donostiako Zine Lehiaketan, aktoresarik onenari, "Pá negre" pelikularekin) dira.  Mariasun, besteak beste, Itziar Aizpuru aspaldiko bere bikotearekin ere ("80 egunean") arituko da. 


Mariasun Pagoagaren bosgarren pelikula izango da "Tres mentiras", “80 egunean” (2009) “Bi anai” (2010),  “El precio de la libertad” (2011) eta  “Loreak errepidean” (2013)  titulukoen ondoren. 





viernes, 26 de abril de 2013

IKASTAROA ANA PEREZEKIN



Azken urteotan burutzen ari den ekintza egitarauari jarraiki, aurten ere DAT-ek ikastaro bat antolatu du, antzezpenaren trebakuntzan aurrera egin nahi dutenentzat.
 
Ikastaro berri hau maiatzaren 18 eta 19an izango da, Ana Perez irakaslearekin

Ikasle kopurua mugatua izango da, hamabost lagun gehienez, eta jadanik izen ematea irekita dago. Ikasleen behin betiko zerrenda maiatzaren 11an ezagutuko da eta garaiz abisatuko zaie hautatutakoei.


GAIA: Testuen lanketa

NON: Aramaioko Kultura Aretoan

NOIZ: Maiatzaren 18an, Goizeko 9etatik arratsaldeko 6´30ak arte; maiatzaren 19an, goizez.

PREZIOA: 50 Euro.


INTERESATUEK idatzi behar dute: koxmezubia@gmail.com





Ana Perez: 1991tik antzerkiaren munduan buru belarri sartuta, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerreko koordinatzaile eta kudeatzailea  da.


Argazkia: Fernando de la Hera



miércoles, 3 de abril de 2013

MARIASUN PAGOAGA PELIKULA BERRI BATEAN



Mariasun  Pagoaga DATeko kideak beste pelikula batean hartuko du parte. Horrela baieztatu digu taldekideak, eta datorren maiatzean errodatuko ditu Donostian film berriko eszenak. Oraingo honekin laugarren aldiz da Mariasun pantaila handirako lan egiten duela. “Loreak errepidean” da titulu berria eta Jon Garayo eta Jose Mari Goenaga zuzendarien aginduetara ariko da.

 Duela lau urte ekin zion Mariasunek zine karrerari, hain zuzen ere Garayo eta Goenaga zuzendariek hautatu baitzuten, orain arte dokekideak errodatutako pelikularik ospetsuenerako: “80 egunean” Gero etorri ziren “Bi anai”, 2010ean, Imanol Rayo zuzendariarekin; “El precio de la libertad”, Ana Murugarren zuzendariaren eskutik 2011an. Aurreneko kasuan bezala, Moriarti Produkzioak etxeak ekoiztuko du “Loreak errepidean” pelikula. 

Mariasun Pagoaga "Iñaxi" pertsonaia izango da eta Dokeko kideak esan digu:


Moriartitik deitu nindutenean oso pozik jarri nintzen, Jon eta Jose Mari zuzendariekin lan egitea gozada bat delako. Oso txikitxoa da niri dagokidan lana, baina hala ere baiezkoa eman nien birritan pentsatu gabe. Oker ez banago, Itziar Aizpuruk ere –“80 egunean”eko ko-protagonista- parte hartzen du; eta “Bi anai” errodatu nueneko Aitor Vitoria zuzendariordea ere proiektu berri honetan dago. Beraz, lagun berriak izango ditudan arren lehendik ezagututakoak berraurkituko ditut. Maiatzean errodatuko ditut nire zatiak, Donostian


Zorionak Mariasun. Badakizu, ez dago lau bostik gabe.

viernes, 22 de marzo de 2013

HARRIZ PENTSATZEA // PENSAR EN PIEDRA



Itziar Rekalde DATeko zuzendariak obra berri bat estreinatu du gaur gauean, Gasteizko La Monstrenka  aretoan.  "Harriz pentsatzea" (Pensar en piedra)  bakarrizketa interaktiboa eskaini du oso emanaldi bikainean. Bukaerako txaloek justizia egin dute,  ordubete luzeko antzezpenak une ederrak pasarazten baitizkio ikusleari. 

DATeko zuzendariak gazteleraz eman du gaurko saioa baina  euskarazko bertsioa ere prestatua dauka. Obraren dramaturgiaz Itziar bera eta Ana Perez arduratu dira. 

Gonçalo Tavares, Jose Blanco eta Itziar Rekalderen beraren testua da "Harriz pentsatzea", eta egileek diotenez "bideko geldiune bat da; bizitza une izoztu bat. Izateari arrazoi bat bilatu nahi izatea da, izaeraren beraren indarrak zapalduta geratzen dena. Harriak bera geldiarazten duen pisua adierazten du eta halaber bidea markatzeko lanabesa, aurrera egiten segitzeko zubia. Gatazka eta babesa da"

 "Mundua lotan dagoela bidaiatzea dut atsegin, horrela gauzak arnasa modu naturalean hartzen ari ikusten baititut. Lotan gaudenean bakarrik gara naturalak. Guztia dago dagokion tokian eta gauzak goitik behatzen ditugu. Ikusteko gai naiz. Horregatik gustatzen zait nire burua hainbeste. Dena lotan dagoelako, inork ikusten ez nauelako eta nire burua ikusten dudalako gustatzen naiz"  zioen Itziarrek bere interpretazioan.