Mari Asun Pagoaga DATeko kideak beste pelikula berri batean hartzen du parte. Aurtengo bigarrena izango da, maiatzean “Loreak
errepidean” errodatu baitzuen, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien
aginduetara.
Oraingoa "Tres mentiras" izenekoa da eta Ana Murugarren zuzendari nafarrarekin ihardungo du Mariasunek. Lehendik ezagutzen diote elkarri, Murugarrenek ere zuzendu baitzuen DATeko kidea "El precio de la libertad" (2011) pelikulan. Aste honetan bertan ekingo diote errodaiari Bilbon.
Azken urteotan hain entzutetsua egin den ume lapurtuen gaia izango du ardatz pelikulak eta arrasatearrak Josefa emakumearen papera du, zeinari senar bortitzaren jipoietatik aldendu guran moja batzuengana jo ondoren ume jaio berria kentzen dioten, gogoz kontra.
"Tres mentiras"-eko aktore-aktoresa nagusiak Mikel Losada ("Kutsidazu bidea, Isabel"-eko Juan Mari) eta Nora Navas (2010eko Zilarrezko Maskorra Donostiako Zine Lehiaketan, aktoresarik onenari, "Pá negre" pelikularekin) dira. Mariasun, besteak beste, Itziar Aizpuru aspaldiko bere bikotearekin ere ("80 egunean") arituko da.
Mariasun Pagoagaren bosgarren pelikula izango da "Tres mentiras", “80 egunean” (2009) “Bi anai” (2010), “El
precio de la libertad” (2011) eta “Loreak
errepidean” (2013) titulukoen ondoren.