lunes, 23 de mayo de 2016

ZORIONAK, DOKE!


ARETXABALETA
NOIZ: 
16-05-13
NON:
Zaraia Aretoa (Arkupe)
ANTZEZLANA:
Aingeru ala kurriloi?
NORK:
Doke Antzerki Taldea

Jose Ignazio Isasmendi
(Antzerki zalea)


Maiatzaren 13a, ostirala, arratsaldeko zortziak. Aretxabaleta, Zaraia aretoa. Oholtzan, Arrasateko Doke Taldea eta Aingeru ala kurriloi? antzezlana. Aretoa ez da bete, baina giroa berezia nabaritzen da.

Argiak itzali dira eta isiltasuna da nagusi. Aktoreak hasi dira lanean. Mintzaldi motelak, baina tentsio handikoak. Poliki-poliki agertzen ari dira familia horren arazoak: ahizpa baten alkoholismoa, beste bat etxetik kanporatua ama ezkongabea izan zelako eta hirugarrena diruaren jabea. Laugarren pertsonaia bat ere azaltzen da: kaleratutako ahizparen alaba. 

Ez dut komentatu behar historia nola garatzen den, baina gaurko errealitatearen ispilua dela bai: alkoholismoa, herentziaren arazoak, familiarteko harreman hipokritak… 

Iraupena 75 minutu, baina oholtzan entzuten diren garrasiek, txirrinek, argi efektuek, doinuek … ikusleei bihotza ukabilean jartzen diete. 

Zorionak Arrasateko Doke Taldeari! Seigarren lana taularatu du eta, nire ustez, beste arlo batera joan da: drama, hain zuzen. Bejondeizuela. 

Aipamen berezia aktoreei: Mariasun Pagoaga – ikaragarri Mirenen paperean; Arantxa Ezkurra –oso txukuna bere lana; Dorita Murgia eta Maider Alzelai –biak bikain. Baita Vene Herrero zuzendariari eta, nola ez, inbento honen buru den Jose Mari Velez de Mendizabal jaun eta lagunari. 

Aholku bat Doke Taldearen partaide guztioi: jarraitu horrela. Eskerrik asko!


Argazkiak: DAT eta Xabier Usobiaga (Isasmendirena)


 

sábado, 14 de mayo de 2016

ARETXABALETA IGARO DA. GORA ARETXABALETA!

Atzo Aretxabaletan aritu zen Doke Antzerki Taldea, bere bigarren emanaldian obra estreinatu berriarekin. Oso giro bikaina sortu zen Arkupe Aretoan eta ikusle askok ustekabe galanta eraman zuten lau antzezleek jokatutako rolarekin.

"Aingeru ala kurriloi?" lanak ez du publikoarengan indiferentziarik uzten. Hurrengo emanaldia Arrasaten izango da, ekainaren 19an.













Lan talde osoa, emanaldia hasi aurretik

Lau aktoresak
 
ARGAZKIAK: DOKE ANTZERKI TALDEA

viernes, 13 de mayo de 2016

DENA EZ DA DIRUDIENA


Agus Perez kritikaria

Kritika    

ANTZERKIA

‘Aingeru ala kurriloi?’

Konpainia: Doke. Testua: Josemari Velez de Mendizabal. Zuzendaritza: Vene Herrero. Antzezleak: Mariasun Pagoaga, Arantza Ezkurra, Maider Aizelay, Dorita Murgia. Lekua: Aramaioko antzokia. Data: Maiatzak 7.

Agus Perez
Antzerki kritikaria

Aramaioko antzokian estreinatu du Doke antzerki taldeak bere azken sorkuntza, seigarrena orain dela hamabi urte sortu zenetik. Eta bere garrantzia dauka Arabako herri euskaldunean estreinatu izanak, Arrasateko taldeak beti jardun duelako euskaraz eta herri-antzerkiaren parametroetan.

Oraingo honetan, Josemari Velez de Mendizabalen testu bat eszenaratu dute ­–Aingeru ala kurriloi?–, erreferentzia eginez antzezlaneko pertsonaia baten kurrilo izaerari.
Argumentuaren erdian ahizpa zahar biren bizimodu arrunta kokatzen da: bata ­onbera da, ordenatua, zentzuduna eta bihozbera; bestea, ostera, zatarra eta garratza. Berez, bien arteko harreman zaila nahikoa emango zukeen antzezlan osorako, baina egileak beste faktore batzuk txertatu ditu hasierako egoera horretan, eta horrela hasi gara ikusten dena ez zela zirudien bezain argia.

Aramaioko emanaldiko une bat
Ondo definitutako dekoratu garbi batean jardun dute antzezleek, eta etxeko giroa irudikatzen zuten altzari gutxiak lagungarriak eta neurrikoak izan dira eszenak girotzeko eta ekintza garatzeko. Hiru protagonista nagusien soineko zuri-beltzek ere nolabaiteko neutraltasuna eman diote egoerari, eta korapiloa askatzen duen pertsonaia arropa koloretsuagoarekin agertu da. Argien diseinuak ere aipamena merezi du, oso foku gutxirekin eta bere zuritasunean itxura klinikoa eman diolako dramari, une jakin batzuetan giro tenebrista sortuz pertsonaien dramatikotasuna azpimarratzeko.

Vene Herrero zuzendaria
 Vene Herrero zuzendariak patxadaren aldeko apustu sendoa egin du, hasieratik amaiera arte, argumentuaren argitasunaren izenean eta, seguruenik, antzezleak lasaiago ibili zitezen. Antzezleak, berriz, orbangabe ahoskatu dute euskara batuzko testua, eta txukun bete dituzte beren rolak, Mariasun Pagoagaren euren artean nabarmenduta. Une batzuetan Genet-en Les bonnes (Las criadas gaztelaniaz eta Neskameak euskaraz) ikusten geundela uste izan dugu eta behin edo behin antzezleen akats txikiak antzeman ditugu, baina hori du maitagarri antzerkiak, eta are gehiago herritik sortutako antzerkiak!

Argazkiak: Berria (Agus Perez) eta DAT 





 

miércoles, 4 de mayo de 2016

MAIATZAREN 7AN, ARAMAION. AINGERU ALA KURRILOI?


Aramaioko Kultura Etxean arituko da DOKE ANTZERKI TALDEA datorren larunbatean, maiatzak 7.

"Aingeru ala kurriloi?" obra lehen aldiz antzeztuko da, beraz, antzeztoki hartan. Jota su ari dira egun hauetan aktoresak eta Vene Herrero zuzendaria.

Hitzordua, beraz, Aramaioko Kultura Etxea, arratsaldeko 8etan, larunbatean. Elkar ikusiko dugulakoan.

Obrari buruz gehiago: