viernes, 3 de noviembre de 2023
DOKE: AZAROAK 10. DULANTZIN
lunes, 23 de octubre de 2023
DOKE ANTZERKI TALDEA, DULANTZIKO 17. JAIALDIAN
DOKE ANTZERKI TALDEAk Arabako Dulantziko Amateur Antzerki 17. Jaialdian arituko da azaroaren 10ean, “Hemen ez du inork ordaintzen” obrarekin
Jaialdi-lehiaketa formulapeko topaketa honetan esku hartzeko hautaketa prozesu bat jasan dute dokekideek estatu osoko beste laurogeita hamar talderekin batera.
Azkenik bederatzi talde hautatu dute finalerako, Madril, Valentzia, Alacant, Castellon, Pontevedra, Bilbo eta Gasteizko banarekin lehiatu beharko dutelarik dokekideok.
Euskarazko obra bakarra da DATena, eta horrek egundoko garrantzia ematen die arrasatearroi, gure hizkuntza lan eta jolas lanabestzat hartu baitzuten duela hogei urte antzerki sortzeari ekin ziotenean eta horri eutsi diote zintzo.
Azaroaren 10ean eskainiko du obra DATek, arratsaldeko 7’30etan, Dulantziko Txema Blasco Kultura Etxeko auditoriumean. Eta azaroren 25ean jakinaraziko da epai mahaiaren erabakia.
DATek dagoeneko saria lortu du: Dulantzin estatuko beste zortzi talde indartsuren artean arituko da; eta euskaraz.
AUTOBUSA ANTOLATU DA DULANTZIRA DOAN JOATEKO
Interesatuek dei dezatela edota whatsapp 665 118 572 telefonora; baita dokeikastaroak@gmail.com helbidera apuntatuz
lunes, 2 de octubre de 2023
DOKE ARETXABALETAN, URRIAREN 8an
![]() |
Urriaren 8an, Aretxabaletako Zaraia aretoan;
arratsaldeko 7etan |
Egilea: Dario Fo
Itzulpena: Josemari Velez de Mendizabal
Zuzendaria: Vene Herrero
Antzezlariak: Maider Alcelay, Itziar Rosado, Xabi Latorre, Garbiñe Nuñez, Arantza Ezkurra, Mariasun Pagoaga, Itsaso Nuin, Asier Alonso.
- Eguna: Urriak 8, domeka
- Ordua: 19:00
- Lekua:Zaraia aretoa
- Prezioa: 5 euro
sábado, 3 de junio de 2023
HEMEN EZ DU INORK ORDAINTZEN. Estreinaldi arrakastatsua

Ekainaren 2. Arrasateko Amaia Antzokira Dario Fo agertu da, DOKE ANTZERKI TALDEAren eskutik. Modu arrakastatsuan. Ia berrogeita hamar urte idazle italiar Nobel saridunak idatzi ondoren, Josemari Velez de Mendizabalen euskarazko bertsioan ikusi ahal izan da "Hemen ez du inork ordaintzen" antzezlana, berezko ekoizpen xume baina bizian.
"Hemen ez du inork ordaintzen" izan da azken hilabeteotan dokekideek prestatutako antzezlana eta atzo ostiralean eskaini zuten lehen emanaldia.
Antzezleak fin aritu ziren euren paperetan eta publikoak une goxoak eman zituen obraren intentsitatearekin identifikatuta. Txalo zarta ugari eskaini zitzaizkien aktore-aktoresei, eta barre algarak entzun ziren.
lunes, 22 de mayo de 2023
HEMEN EZ DU INORK ORDAINTZEN
Obra berri batekin dator DOKE ANTZERKI TALDEA eszenatokietara. Lau urte luze dira azken antzezlana eskaini zuela eta benetan luze egin zaie DATeko kideei agertokietara igo ez izana. Baina azken urtean zehar prestatutako ekarpena ekainaren 2an estreinatuko dute.
Oraingoan taldeak nazioarteko obra ospetsu batera jo du, eta Dario Fo italiarraren "Hemen ez du inork ordaintzen" (Non si paga, non si paga!) hautatu dute publikoaren aurrera azaltzeko. Honakoa da, obraren fitxa teknikoa:
EGILEA: Dario Fo / ITZULPENA: Josemari Velez de Mendizabal / ZUZENDARIA: Vene Herrero / ANTZEZLARIAK: Maider Alcelay, Itziar Rosado, Xabi Latorre, Garbiñe Nuñez, Arantza Ezkurra, Mariasun Pagoaga, Itsaso Nuin, Asier Alonso, Marga Merkader.
Antzezlana 1974an estreinatu zuen Dario Fok eta bi etxekoandre xumek hileko amaierara iristeko dituzten arazoak aurkezten ditu. Horietako bat supermerkatu batera sartu eta ahal duen guztia eramaten du ordaindu gabe. Gero bi andreek, lapurretaz inor kontura ez dadin, plan bat asmatzen dute, gero eta nahasiagoa, senarrak ere konplize bihurtzeraino.
Obrarako kartela Eneritz Tirados diseinatzailearena
da.
Arrasateko Amaia antzokian izango da estreinaldia,
ekainaren 2an, arratsaldeko 7´30etan. DATek Musakolako 2023ko jai egitarauan
sartu nahi izan du obra, auzoko jaien mendeurrena giro alai eta solidarioan ospatu
guran.
Irailetik aurrera beste eszenategitara
eramango da obra.
sábado, 20 de mayo de 2023
DOKE ANTZERKI ESKOLAKO IKASLEEN LAN BERRIA: SAGUTEGIA
DOKE ANTZERKI ESKOLAko ikasleek obra bat eramango dute Amaia Antzokiko eszenategira datorren asteartean, hilak 23. Ez dira lehen aldiz tamainako agertokira igotzen direla baina aukera honetan nazioarteko antzezlan batekin datozkigu DAEko ikasleak: Agatha Christieren "Sagutegia". Maider Alcelay irakasle eta aktoresa arduratu da muntaketa honen zuzendariaz.
Arratsaldeko 6´30etan da hitzordua. Sarrerak, doan, antzokian bertan eskura daitezke. Lerro hauetatik deialdi berezia egin nahi da, Arrasateko antzerki zale guztioi, bertara daitezen. Antzerki tokiko eskaintza aberasten eta egonkortzen ari da eta bide honetatik segituz laster gazte horiek lantegi handiagoetarako gertu egongo dira.
Antzezlariak: Ariana Nespereira, Zihara Etxebarria, Olaia Urzelay, Ane Mujika, Nagore Osa, Haizea Alvarez, Rodrigo Nunes, Gari Sarasua.
Obraren egokitzaile eta zuzendaria: Maider Alcelay
Kartela: Dani Nespereira
Iraupena: 40´
Maiatzaren 23ko emanaldiari beste batek jarraituko dio ekainaren 8an, antzezle ikasle desberdinekin.
Diogun, halaber, astearteko eskaintza borobiltzeko, Eskolako gaztetxoek - 10 eta 13 urte artekoak- "Liburutegiko sekretuak" titulatu duten euren obra eszenifikatuko dutela.
Beraz, antzerki zaleok badugu aitzakia Amaia Antzokira bertaratzeko.
lunes, 12 de diciembre de 2022
2002-2022. GORA ANTZERKIA
DUELA HOGEI URTEKO HAZIAK BERE FRUITUAK EMAN DITU, HAN ETA HEMEN. DOKE ANTZERKI TALDEAK BIDEAN SEGITZEN DU, ITXAROPENTSU.
GORA ANTZERKIA



















