lunes, 22 de mayo de 2023

HEMEN EZ DU INORK ORDAINTZEN


Obra berri batekin dator DOKE ANTZERKI TALDEA eszenatokietara. Lau urte luze dira azken antzezlana eskaini zuela eta benetan luze egin zaie DATeko kideei agertokietara igo ez izana. Baina 
azken urtean zehar prestatutako ekarpena ekainaren 2an estreinatuko dute. 

Oraingoan taldeak nazioarteko obra ospetsu batera jo du, eta Dario Fo italiarraren "Hemen ez du inork ordaintzen" (Non si paga, non si paga!) hautatu dute publikoaren aurrera azaltzeko. Honakoa da, obraren fitxa teknikoa:

EGILEA: Dario Fo / ITZULPENA: Josemari Velez de Mendizabal / ZUZENDARIA: Vene Herrero / ANTZEZLARIAK: Maider Alcelay, Itziar Rosado, Xabi Latorre, Garbiñe Nuñez, Arantza Ezkurra, Mariasun Pagoaga, Itsaso Nuin, Asier Alonso, Marga Merkader.

Antzezlana 1974an estreinatu zuen Dario Fok eta bi etxekoandre xumek hileko amaierara iristeko dituzten arazoak aurkezten ditu. Horietako bat supermerkatu batera sartu eta ahal duen guztia eramaten du ordaindu gabe. Gero bi andreek, lapurretaz inor kontura ez dadin, plan bat asmatzen dute, gero eta nahasiagoa, senarrak ere konplize bihurtzeraino.

Obrarako kartela Eneritz Tirados diseinatzailearena da.

Arrasateko Amaia antzokian izango da estreinaldia, ekainaren 2an, arratsaldeko 7´30etan. DATek Musakolako 2023ko jai egitarauan sartu nahi izan du  obra, auzoko jaien mendeurrena giro alai eta solidarioan ospatu guran.

Irailetik aurrera beste eszenategitara eramango da obra.


No hay comentarios:

Publicar un comentario