sábado, 3 de junio de 2023

HEMEN EZ DU INORK ORDAINTZEN. Estreinaldi arrakastatsua



Ekainaren 2.  Arrasateko Amaia Antzokira 
Dario Fo agertu da, DOKE ANTZERKI TALDEAren eskutik. Modu arrakastatsuan. Ia berrogeita hamar urte idazle italiar Nobel saridunak idatzi ondoren, Josemari Velez de Mendizabalen euskarazko bertsioan ikusi ahal izan da 
"Hemen ez du inork ordaintzen" antzezlana, berezko ekoizpen xume baina bizian.

"Hemen ez du inork ordaintzen" izan da azken hilabeteotan dokekideek prestatutako antzezlana eta atzo ostiralean eskaini zuten lehen emanaldia.


Antzezleak fin aritu ziren euren paperetan eta publikoak une goxoak eman zituen obraren intentsitatearekin identifikatuta. Txalo zarta ugari eskaini zitzaizkien aktore-aktoresei, eta barre algarak entzun ziren.


Xabi Latorre eta Maider Alcelay bikotearen joko eszenikoak bide eta babes eman zien Itziar Rosado,  Garbiñe Nuñez, Arantza Ezkurra, Mariasun Pagoaga, Itsaso Nuin eta Asier Alonso beste kideei.


Vene Herrero zuzendaritzapean DATen ibilbideak maila garaiagoak heldu ditu. Eta oraingo ekarpen honek egiaztatu egin du taldearen balioa.
















Aurkezpen honen ostean, Doke Antzerki Taldeak irailean ekingo dio obra honen zirkuituari.




Argazkiak: Joxe Otaduy, DAT

lunes, 22 de mayo de 2023

HEMEN EZ DU INORK ORDAINTZEN


Obra berri batekin dator DOKE ANTZERKI TALDEA eszenatokietara. Lau urte luze dira azken antzezlana eskaini zuela eta benetan luze egin zaie DATeko kideei agertokietara igo ez izana. Baina 
azken urtean zehar prestatutako ekarpena ekainaren 2an estreinatuko dute. 

Oraingoan taldeak nazioarteko obra ospetsu batera jo du, eta Dario Fo italiarraren "Hemen ez du inork ordaintzen" (Non si paga, non si paga!) hautatu dute publikoaren aurrera azaltzeko. Honakoa da, obraren fitxa teknikoa:

EGILEA: Dario Fo / ITZULPENA: Josemari Velez de Mendizabal / ZUZENDARIA: Vene Herrero / ANTZEZLARIAK: Maider Alcelay, Itziar Rosado, Xabi Latorre, Garbiñe Nuñez, Arantza Ezkurra, Mariasun Pagoaga, Itsaso Nuin, Asier Alonso, Marga Merkader.

Antzezlana 1974an estreinatu zuen Dario Fok eta bi etxekoandre xumek hileko amaierara iristeko dituzten arazoak aurkezten ditu. Horietako bat supermerkatu batera sartu eta ahal duen guztia eramaten du ordaindu gabe. Gero bi andreek, lapurretaz inor kontura ez dadin, plan bat asmatzen dute, gero eta nahasiagoa, senarrak ere konplize bihurtzeraino.

Obrarako kartela Eneritz Tirados diseinatzailearena da.

Arrasateko Amaia antzokian izango da estreinaldia, ekainaren 2an, arratsaldeko 7´30etan. DATek Musakolako 2023ko jai egitarauan sartu nahi izan du  obra, auzoko jaien mendeurrena giro alai eta solidarioan ospatu guran.

Irailetik aurrera beste eszenategitara eramango da obra.


sábado, 20 de mayo de 2023

DOKE ANTZERKI ESKOLAKO IKASLEEN LAN BERRIA: SAGUTEGIA

 

DOKE ANTZERKI ESKOLAko ikasleek obra bat eramango dute Amaia Antzokiko eszenategira datorren asteartean, hilak 23. Ez dira lehen aldiz tamainako agertokira igotzen direla baina aukera honetan nazioarteko antzezlan batekin datozkigu DAEko ikasleak: Agatha Christieren "Sagutegia". Maider Alcelay irakasle eta aktoresa arduratu da muntaketa honen zuzendariaz.

Arratsaldeko 6´30etan da hitzordua. Sarrerak, doan, antzokian bertan eskura daitezke.  Lerro hauetatik deialdi berezia egin nahi da, Arrasateko antzerki zale guztioi, bertara daitezen. Antzerki tokiko eskaintza aberasten eta egonkortzen ari da eta bide honetatik segituz laster gazte horiek lantegi handiagoetarako gertu egongo dira.

Antzezlariak: Ariana Nespereira, Zihara Etxebarria, Olaia Urzelay, Ane Mujika, Nagore Osa, Haizea Alvarez, Rodrigo Nunes, Gari Sarasua.

Obraren egokitzaile eta zuzendaria: Maider Alcelay

Kartela: Dani Nespereira

Iraupena: 40´

Maiatzaren 23ko emanaldiari beste batek jarraituko dio ekainaren 8an, antzezle ikasle desberdinekin.

Diogun, halaber, astearteko eskaintza borobiltzeko, Eskolako gaztetxoek - 10 eta 13 urte artekoak- "Liburutegiko sekretuak" titulatu duten euren obra eszenifikatuko dutela.

Beraz, antzerki zaleok badugu aitzakia Amaia Antzokira bertaratzeko.

lunes, 12 de diciembre de 2022

2002-2022. GORA ANTZERKIA

 DUELA HOGEI URTEKO HAZIAK BERE FRUITUAK EMAN DITU, HAN ETA HEMEN. DOKE ANTZERKI TALDEAK BIDEAN SEGITZEN DU, ITXAROPENTSU. 

GORA ANTZERKIA



martes, 14 de junio de 2022

DOKE ANTZERKI ESKOLAKO IZAR GAZTEEK ARTEA ERAKUSTEN



Doke Antzerki Eskolako ikasleek ikasturteari amaiera eman diote ekainaren 13 eta 14an amaia antzokian izandako emanaldiekin.

Maider Alcelay aktoresaren zuzendaritzapean 2021-22 ikasturtean zenbait haur eta gaztetxo aritu dira antzerkiaren lehen urratsak ematen, eta ondorioa “Barrerik egiten ez zekien printzesa” eta “Kukubel” antzezlan laburrak izan dira, biak ikasleek eurek idatzita.

Lerro hauetatik bihoazkie zorionik beroenak bai Maider Alcelayri baita ikasleei eurei, hain arte diziplina polit eta baliagarrian Arrasateko herriarentzako itxaropentsuak diren uneak biziarazi dituztelako.

Datorren ikasturtean gehiago. Aupa antzerkia!



































Argazkiak: DAT, Maider Alcelay

Bideoa: Mondraberri