lunes, 25 de febrero de 2019

HAMAIKA AMAREN SEME (ALABA) HISTORIA DA

Hamaika amaren seme (alaba) obra historia da Doke Antzerki Taldearen biografian. Hamabost urtetako DATen ibilaldian oso mugarri garrantzitsua gertatu da Eusko Ikaskuntzaren enkarguz taldeak Euskal Herriko antzeztoki desberdinetara eraman duen ekarpen hau. 

Ilusioz beterik ekin zion taldeak obra honen prestaketari eta orain, emanaldiak amaitu direnean, atzera begiratuz gero esfortzuak ongi merezi izan duela egiaztatzen dute DATen kideek. 

Modu seinalatuan Eusko Ikaskuntzari eskertu nahi dio DATek, berarengan jarritako konfiantzarengatik. Erakundearen lehen mendeurreneko ospakizunetan modu aktiboan aritu ahal izatea ohorea izan da DATentzat. Urratsez urratseko interlokuzio jarraikian sintonia ezin hobea izan da Eusko Ikaskuntza eta DATen artean eta obraren ekoizpena bikain gauzatu ahal izan da.


Hamaika amaren seme (alaba) antzezteko DATen nukleo egonkorra modu biziz nabarmendu behar da: testu egilea, zuzendaria, antzezleak, musika egilea, musikariak, eszenografoa, argi eta soinuaren teknikoa. Guztiok balio ikaragarria eman diote antzezlanari.

DATek, bestalde, lagunkide mordo bati ere luzatu nahi dio bere eskerrona, era batean edo bestean azken bi urtez obraren muntaketan euren alea esku zabalez eskaini duten guztiei. Obraren tituluari erreparatuz, azken emaitza ere hamaika amarena izan da. Teknikoak, jostunak, txoferrak, zamalariak, argazkilariak, kazetariak eta abar laguntzaileak izan ditugu antzezlanaren ibilaldian zehar.

DATen obra honen testigantza dokumentatua geratu da, Donostiako Antzoki Zaharrean grabatutako bideoan. Ehunka argazki eta bideo zatiak ere egin dira Oñatiko Santa Ana antzokian, Aramaioko Kultura Etxean, Arrasateko Amaia antzokian, Iruñeko Civivox Iturrama antzokian, Bilboko Arriaga Antzokian, eta Gasteizko Felix Petite antzokian. Ehun urte barru, Eusko Ikaskuntzaren bigarren mendeurrenean, DATen Hamaika amaren seme (alaba) oroitu ahal izango dute.

jueves, 14 de febrero de 2019

GASTEIZKO FELIX PETITE ANTZOKIAN

Larunbatean izango da, Gasteizko Felix Petite Antzokian. Arratsaldeko 7´30etan.  Hamaika amaren seme (alaba) antzezlana, ziurrenik, azken aldiz eskainiko du Doke Antzerki Taldeak, behintzat oraingo birari dagokionez. Gasteizko emanaldiarekin bete egingo da aldez aurretik prestatutako egitaraua.

Azaroaren 23tik ibili da taldea obrarekin eta kideen iritziz sekulako arrakasta gertatu da osotasunean. Eskarmentu ikaragarri aberatsa izan da eta antzezlana bertatik bertara ikusi duen publikoa iritzi berdinekoa delakoan daude.


Eusko Ikaskuntza izan da antzezlanaren bultzagilea, bere lehen mendeurrena dela eta. Doke Antzerki Taldea, berriz, obra Euskal Herriko antzoki desberdinetara eraman duena. Oñatiko lehen emanaldian bezain gogotsu aterako dira eszenategira antzezle guztiak Gasteizen.

Gonbidapenen bidez ahalbidetuko da Felix Petite Antzokira sarrera, eta hemengo helbidean eska dezakezu, ostiralera, 15, arte.


dokeantzerkitaldea@gmail.com

Argazkiak: Xabier Usobiaga /DAT

domingo, 3 de febrero de 2019

DONOSTIAREN OSTEAN GASTEIZ

Donostiako Antzoki Zaharra izan zen euskaldun askoren jomuga, atzo arratsaldeko 7´30etan, bertan Doke Antzerki Taldeak bere obra "Hamaika amaren seme (alaba)" eskaini baitzuen. Zazpigarren agerraldia zuen taldeak, iragan azaroan antzezlana Eusko Ikaskuntzaren Kongresuaren amaieran estreinatu zuenetik, eta larunbatean Antzoki Zaharra antzerki zalez bete zen, emanaldiaren ostean dokekideen lana biziki txalotu zutenak.


Azken hiru emanaldiak Iruñea, Bilbo eta Donostian izan ondoren, orain Gasteizi dagokio txanda. DATeko antzezleek, Felix Petite Antzokian, otsailaren 16an, eskainiko dute hurrengo saioa, arratsaldeko 7´30etan

Eusko Ikaskuntzaren erabakiz, antzokirako sarrera gonbidapenez izango da. Beraz, interesatuek helbide honen bitartez egin dezakete erreserba:


Argazkiak: DAT

martes, 29 de enero de 2019

DONOSTIAN LARUNBATEAN, OTSAILAK 2

Hamaika amaren seme (alaba) obra Donostiara heltzen da, larunbat honetan, otsailak 2. Antzoki Zaharrean arituko da Doke Antzerki Taldea, arratsaldeko 7´30etan.

Urtarrilaren 26an Bilboko Arriaga Antzokian eskaini ondoren, Gipuzkoako hiriburura ailegatzen da, Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena ospatzeko ekoizturiko antzezlana. Josemari Velez de Mendizabalen testu baten gainean Vene Herrero zuzendariak Eusko Ikaskuntzaren historia azaltzen du modu erakargarrian. Eusko Ikaskuntza eta Euskal Herriaren historiak paraleloak joan dira azken ehun urteotan eta horixe islatzen da, 65 minutu inguruko antzezlan honetan zehar.


Hona hemen obraren fitxa teknikoa:


Testuaren egilea: Josemari Velez de Mendizabal
Zuzendari artistikoa: Vene Herrero
Musika egile eta egokitzailea: Sabin Salaberri
Zuzendari musikala: Larraitz Arriolabengoa
 
Eszenografia eta kartela: Iñigo Arregi
Argitzapena: Alaine Arzoz 
Piano jolea: Idoia Asurmendi 
Txalapartariak:Jesus Larrañaga eta Jose Luis Zalakain 
Dokekideak: Mariasun Pagoaga, Maider Alzelay, Xabi Latorre, Izaro Aretxaga, Miren Aretxaga, Miren Altuna, Larraitz Arriolabengoa, Teresa Arriolabengoa, Idoia Asurmendi, Leire Elejalde, Maia Villalba.  
Obraren ekoizlea: Eusko Ikaskuntza
Ekoizpenaren arduraduna: Doke Antzerki Taldea

GONBIDAPENAK
Eusko Ikaskuntzaren bulegoetan
Miramar Jauregia. Miraconcha, 48
20007 - DONOSTIA
943 310 855




 Argazkiak: Doke Antzerki Taldea

jueves, 17 de enero de 2019

ARRIAGA ANTZOKIAN: URTARRILAK 26

Iruñetik pasatu ondoren, Bilbora doa DOKE ANTZERKI TALDEA Hamaika amaren seme (alaba) obra eskaintzera. Non eta Bizkaiko hiriburuko Arriaga Antzokian. Hantxe arituko dira dokekideak urtarrilaren 26an, arratsaldeko 7´30etan, ikusmira handia eragin duen ekitaldian. 


Sarrerak salgai daude internet bidez eta, gainera, autobus bat antolatu da, emanaldia ikusi nahi dutenak Bilbora eramateko. Autobusa Aramaiotik aterako da arratsaldeko 4etan, eta ordu erdi geroago, Arrasateko bidaiariak jaso ondoren, Bilborantz abiatuko da. Autobuserako izena eman nahi duenak bidal dezala mezu bat ondoko helbidera:








lunes, 7 de enero de 2019

DOKE IRUÑEAN, LARUNBATEAN

Datorren larunbatean, hilak 12,  Nafarroako hiriburuan arituko da Doke Antzerki Taldea, Civivox Iturramako antzokian, arratsaldeko 7´30etan. Oraingo honekin Hamaika amaren seme(alaba) obrarekin taldearen bigarren aldiari ekiten diote.

Taldekideak oso ilusio handiarekin ari dira entseguetan, Euskal Herriko zenbait eszenategitara eramango duen bira honen aurrean. Iruñekoaren ostean, Bilbo, Donostia eta Gasteiz etorriko dira.

Ondoren, Iruñeko Diario de Navarra egunkariak, atzo igandez eta Ion Stegmeier kazetari arrasatearraren lumari esker, argitaratutako elkarrizketa aldatzen da:
Beraz, hurrengo hitzordua Iruñean da, larunbatean, arratsaldeko 7´30etan. Non? Civivox Iturramako antzokian.

jueves, 3 de enero de 2019

HAMAIKA AMAREN SEME (ALABA). ESZENOGRAFIA

"Hamaika amaren seme (alaba)" antzezlanaren prestaketa ez da bat ere erreza izan. Eszenografia izan dugu arlorik konplikatuenetakoa teknikaren aldetik, izan ere eszenategian egitura metalikoa gertutzea erabaki zenean, hura nork diseina zezakeen galdezka hasi ginen, Vene Herreroren baitan zegoen ideiari eite ematen hasteko. Baina zer egitura metalikoa eta nola diseinatu? Gregorio Gallego injinadorearengana jo genuen eta aurreneko zirriborroak sortu zituen.

Gregorioren eskemarekin Arrasateko galdategi bat hautatu genuen eta hilabete batean bagenuen Gallegoren eskema errealitate metalikoa bihurtuta.



Gero Iñigo Arregi eskulturgilearengana jo genuen, egitura hura nola jantz genezakeen galdezka. Iñigo bete-betean sartu zen DATen ideian eta sortze-prozesuari ekin zion. Aurreneko maketa aurkeztu zigun.

Ideia biziki gustatu zitzaigun eta Iñigo lanean murgildu zen, guztiz. Bere tailerean preparatu zituen, gero Arizmendi ikastolako behealdera eramango zituenak, azken ukitua emateko.


Eta ikastolako lokaletik, Amaia antzokira, eszenategian nola geratzen zen ikusteko. Eta emaitza honako hauxe izan zen:

 
Ikusgarria!

Iñigo Arregik berak ere, obraren dibulgaziorako erabilitako kartelaren egilea dugu.