lunes, 25 de febrero de 2019

HAMAIKA AMAREN SEME (ALABA) HISTORIA DA

Hamaika amaren seme (alaba) obra historia da Doke Antzerki Taldearen biografian. Hamabost urtetako DATen ibilaldian oso mugarri garrantzitsua gertatu da Eusko Ikaskuntzaren enkarguz taldeak Euskal Herriko antzeztoki desberdinetara eraman duen ekarpen hau. 

Ilusioz beterik ekin zion taldeak obra honen prestaketari eta orain, emanaldiak amaitu direnean, atzera begiratuz gero esfortzuak ongi merezi izan duela egiaztatzen dute DATen kideek. 

Modu seinalatuan Eusko Ikaskuntzari eskertu nahi dio DATek, berarengan jarritako konfiantzarengatik. Erakundearen lehen mendeurreneko ospakizunetan modu aktiboan aritu ahal izatea ohorea izan da DATentzat. Urratsez urratseko interlokuzio jarraikian sintonia ezin hobea izan da Eusko Ikaskuntza eta DATen artean eta obraren ekoizpena bikain gauzatu ahal izan da.


Hamaika amaren seme (alaba) antzezteko DATen nukleo egonkorra modu biziz nabarmendu behar da: testu egilea, zuzendaria, antzezleak, musika egilea, musikariak, eszenografoa, argi eta soinuaren teknikoa. Guztiok balio ikaragarria eman diote antzezlanari.

DATek, bestalde, lagunkide mordo bati ere luzatu nahi dio bere eskerrona, era batean edo bestean azken bi urtez obraren muntaketan euren alea esku zabalez eskaini duten guztiei. Obraren tituluari erreparatuz, azken emaitza ere hamaika amarena izan da. Teknikoak, jostunak, txoferrak, zamalariak, argazkilariak, kazetariak eta abar laguntzaileak izan ditugu antzezlanaren ibilaldian zehar.

DATen obra honen testigantza dokumentatua geratu da, Donostiako Antzoki Zaharrean grabatutako bideoan. Ehunka argazki eta bideo zatiak ere egin dira Oñatiko Santa Ana antzokian, Aramaioko Kultura Etxean, Arrasateko Amaia antzokian, Iruñeko Civivox Iturrama antzokian, Bilboko Arriaga Antzokian, eta Gasteizko Felix Petite antzokian. Ehun urte barru, Eusko Ikaskuntzaren bigarren mendeurrenean, DATen Hamaika amaren seme (alaba) oroitu ahal izango dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario