Mostrando entradas con la etiqueta Aingeru ala Kurriloi? Josemari Velez de Mendizabal. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Aingeru ala Kurriloi? Josemari Velez de Mendizabal. Mostrar todas las entradas

lunes, 24 de abril de 2017

AINGERU ALA KURRILOI? AGUR

DOKE ANTZERKI TALDEAk itxi egin du "Aingeru ala kurriloi? obraren kapitulua,  oso emaitza onarekin itxi ere. Vene Herreroren zuzendaritzapean aritu zen DAT antzezlan horrekin eta kritika guztien arabera taldeak ordura arteko bere estiloa guztiz aldatu zuen, irri antzerkian ez ezik draman ondo moldatzen direla erakutsiz.

Eskerrak eman nahi dizkiete DATeko kideek, obra ikustera hurbildu zirenei. Baita kritika eta medioei, horiek gabe ezin baita zirkulua bete.

DATek bideo bat egin du obrarekin eta interesatuak koxmezubia@gmail.com helbidean eska dezake.
Halaber, obraren testua lor dezakezu helbide berdinera joz.

DAT beste egitasmo batean dago une hauetan eta 2018an irtengo da ostera antzeztokietara.

martes, 21 de marzo de 2017

MAIDER ALZELAI, FINALERA


Maider, finalaurrekoan
Maider Alzelai DOKE ANTZERKI TALDEAREN kidea Ordiziako V Ahozko Narrazio lehiaketan hartzen ari da esku, modu arrakastatsuan, eta datorren ostiralean finalean egongo da. Ahoz Aho, ahozkotasunaren nazio arteko jaialdiaren azken gala da. Eta gure kideak bere artearen erakuspena egingo du publiko adituaren aurrean.


Maiderrek lehiaketa honetarako Fernando Alonsoren “El hombrecito vestido de gris” ipuina hautatu du eta dokekidea euskarazko bertsioa eskaintzen ari da “Grisez jantzitako gizona” izenburuarekin. 

 

Ipuin kontaketarako duen trebetasuna beste bi finalistekin lehiatu beharko du Maiderrek: Ane Gebara gasteiztarra eta Amaia Pagola tolosarra. Hitzordua, gaueko 10etan, Ordiziako Barrena jauregian.


Animo Maider! Zailena egin duzu!

Argazkia: Joxe Otaduy

jueves, 3 de noviembre de 2016

IGANDEAN, DOKE ANTZERKI TALDEA ARRASATEN

Urte batzuk eman dira Dorita Murgiak bere lehen antzezlanean parte hartu zuenetik. Hortxe daukagu, argazki historiko batean, ikaslea zela. Eskaileratxo batera igota, jaten ematen diote, antzerkigintzan haziko den esperantzan.

Eta argi asko utzi zuen aspaldi hazi zela, "Aingeru
ala kurriloi?" obran erakusten den moduan. Arte dramatikoan hazi, bai Doritak eta baita antzezpenean laguntzen dioten Mariasun Pagoaga, Arantza Ezkurra eta Maider Alzelaik ere. 

Taldearen hurrengo emanaldia datorren igandean izango da, azaroak 6, Arrasateko Amaia antzokian, arratsaldeko 7´30etan. Sarrerak salgai daude, 10eurotan.

Argazkiak: Dorita Murgia, DAT

martes, 1 de noviembre de 2016

AZAROAREN 6, ARRASATEKO AMAIAN

Berriro ere agertokira. Udako etenaren ostean, DATeko lagunak prest daude "Aingeru ala kurriloi?" obrari berriz ere ekiteko.

Arrasateko Amaia antzokia izango da bigarren aldiz taldearen ekoizpena hartuko duena, azaroaren 6an, arratsaldeko 7´30etan.

Dagoeneko sarrerak salgai daude honako helbide honetan,



Eta baita antzokiko lehiatilan ere eskura daitezke. Prezioa: 10 euro.

Iragan ekainaren 19an toki berean ekinda gero, honela ikusi zuen obra, Jaime Valverde Garako antzerki kritikoak: 

"Teatroa seriotasun itzelez bizi duen artista talde baten egikera da; eta batez ere, herri antzerkiaren maitasuna eta baldintzarik gabeko leialtasuna, edozein teatro sistemaren oinarria izan behar dena"


http://dokeantzerkitaldea.blogspot.com.es/2016/06/antzerkiari-emanak.html


miércoles, 22 de junio de 2016

ANTZERKIARI EMANAK

Antzerkiari emanak
“Aingeru ala kurriloi?”
Taldea: Doke Antzerki Taldea


Testua: Josemari Velez de Mendizabal
Zuzendaria: Vene Herrero
Antzezleak: Mariasun Pagoaga, Arantza Ezkurra, Maider Alzelay, Dorita Murgia.


Jaime Valverde
Gara, 2016-06-21

Zazpigarren obra du Doke Antzerki Taldeak bere 12 urteko ibilbidean. Zalantzarik gabe, merituzko curriculuma herri antzerkiko talde batentzat. Eta, agian, ibilbide luze horri dagokio oraingoan aurkezten duten obra honekin erabat aldendu izana herri teatroari suposatzen zaion eitetik.


Izan ere "Aingeru ala kurriloi?" lanean ez dugu topatuko publikoaren konplizitatea eta barrea bilatzen dituen ohiko tonu komiko herrikoia. Horren ordez istorio ilun eta latz bat kontatzen digute, familia barruan gerta daitekeen ezbeharren berri ematen duena.

Lehendabiziko momentutik giro klaustrofobikoa eskaintzen zaio ikusleari, bi emakume adinduren bizimodu ihartuan murgilduz. Urteetako ohikeriak eta beren arteko tirabirek bizi diren etxearen atmosfera erabat kutsatzen dute.

Ekintza dramatikoa pizten da iloba ezezagun bat agertzen denean, iraganeko gertakari desatseginak orainaldira ekarriz. Pertsonaia uherreko antzezlan honetan gauzak ez dira lehen begiratuan diruditen bezalakoak, eta gertakariak ere ez dira espero bezala kateatuko.


Jokatzean eta eszenaratzean antzerkiari dedikazio murriztua besterik eskaini ezin dioten zaleen zantzuak antzematen dira, baina aldi berean, teatroa seriotasun itzelez bizi duen artista talde baten egikera; eta batez ere, herri antzerkiaren maitasuna eta baldintzarik gabeko leialtasuna, edozein teatro sistemaren oinarria izan behar dena.

Argazkia: DAT

martes, 21 de junio de 2016

ZURI-BELTZEKO OBRA



MONDRABERRIko Gontzal Landak idatzia, 16-06-20an:
"Antzezlana 50.-60. hamarkadako etxe batean giroturik dago, giro gris batean, eta bertan bi ahizpa (elkarrekin) bizi dira.


Obra isilune luze batekin hasten da, bi senideen arteko inkomunikazioa islatuz, eta emanaldian zehar isilune esanguratsuak izaten dira. Bi emakumeen arteko harremanak urriak eta garratzak dira, gordinegiak eta maitasun adierazpenek ez dute tokirik, urrunekoak.
Harremana, gainera, okertu egiten da bat-batean beraien ahizparen alaba (Itaca izenekoa) etxean azaltzen zaienean.

Obra dramatikoa da, ez bilatu bertan barre errrazik, eta zer pentsatua ematen du, hausnarketarako bidea ematen digu"



 

lunes, 20 de junio de 2016

AMAIA ANTZOKIAN

Arrasateko Amaia antzokiak hartu zuen ekainaren 19ko arratsaldean DATen emanaldi berria, Josemari Velez de Mendizabal dokekidearen  "Aingeru ala kurriloi?" obrarekin. Horixe izan da uda aurreko azken saioa, taldeak eten egiten baitu urrira arte.
DATen programazioaren arabera, Amaia antzokira udazkenean itzuliko dira obra berdinarekin, nahiz eta oraindik data zehatza jarri gabe dagoen.  

Eskerrik asko, orain arteko emanaldietan gurekin egon zareten guztioi. Zuengatik ari gara antzerkian!
 
Fernando eta Vene, argiztapen eta zuzendaritza lanetan

Maider Alzelai, Itaka lobaren paperean

Mariasun Pagoaga, izeba Miren

Arantza Ezkurra eta Mariasun Pagoaga, Anjela eta Miren ahizpak

 Dorita Murgia eta Maider Alzelai, Dina ahizpa eta Itaka loba

Arantza Ezkurra, Anjela ahizpa

Maider Alzelai

Aldageletan, saioari ekin aurretik

Argazkiak. DAT

martes, 19 de abril de 2016

AINGERU ALA KURRILOI? DOKEren OBRA BERRIA

Kartela
"Aingeru ala kurriloi?" da Doke Antzerki Taldearen lan berria. Gaur aurkeztu dute taldekideek ekoizpen berria. Maiatzaren 7an estreinatuko dute Aramaioko Antzokian eta gero, ekaina bitartean, Aretxabaleta (maiatzak 13) eta Arrasaten (ekainak 19) eskainiko dute. Urrian ekingo diote berriro antzokiz antzoki. Taldearen ideia da 2017ko ekainera arte aritzea obra honekin.

Aurrekoak bezala, "Aingeru ala kurriloi?" antzezlana Josemari Velez de Mendizabal dokekideak idatzi du. Hiru ahizparen istorioa aurkezten da, XX. erdi aldera koka daitekeena. Hiruetatik adinduenak gurasoen etxetik alde egin behar izan zuen haurdun geratu zenean eta ez zen beste inoiz itzuli. Beste bi ahizpak ezkongeak dira eta euren arteko bizimodua arrunkeria itogarriak inguratzen du. Halako batean, bi ahizpen bizitza irauliko duen hirugarrenaren alaba agertzen da etxera, ama hil zaiolakoan. Eta istorioa korapilatu egiten da, denentzat, bizitza zaildu egiten dizkien uneak sortuz.

Egileak adierazi duenez,  oraingo obra honetan
Lau aktoresak prentsaurrekoan
taldeko emakumeek bakarrik parte hartzea erabaki zen hasieratik. Eta antzezle izango zirenek hautatu zuten gaiaren zutabe nagusia. Beraz, Velez de Mendizabalek horren inguruan bilbatu du
istorioa, nahiz eta - aitortu duenez- askatasun osoa izan duen testua idazteko.

Vene Herrrero zuzendaria
Vene Herrero Arrasateko antzerki zuzendariari eskaini zitzaion aurtengo urtarrilean obraren ardura eszenikoa. Berak azaldu duenez, hiru hilabete hauetan gogor aritu behar izan dira, oso emaitza onarekin. Herrerok esan du idazlan orijinalean zenbait ukitu eman direla azken emaitzara heldu arte.

Obra honetarako DATen antzezleak Mariasun Pagoaga, Arantxi Ezkurra, Maider Alzelai eta Dorita Murgia dira. Horien esanetan, ikusleek obra polit bat gozatzeko aukera izango dute.  

Kartelaren egilea, DATen obra guztietan bezala, Eneritz Tirados arrasatearra da.

Argazkiak: Doke Antzerki Taldea