domingo, 2 de junio de 2024

22 URTE EMAN ONDOREN...

 

22 urte eman dira, eta orain geldiune bat hartu nahi izan dugu, atzera begira jartzeko, egindakoaren testigantza finkatzeko... eta aurrerako indarra hartzeko. 22; partidua amaitu dela esan liteke... baina badira 45etara jokatzen diren partiduak eta badira ere partidu berriak hasteko aukera. Horretan gaude.

Historiari begira jarriko bagina eta niri dagokidanez, ACTTO PARA LA NOCHE BUENA aipatuko nuke, bera izan baitzen ni tiratu ninduen obra. Nork esango zidan niri, iragan mendeko laurogei eta laurogeita hamarretan aldarrikatzen nuen antzerki taldea niri egokituko zitzaidala sortzea.

Arrasateko antzerki tradizio apurrari jarraipen sendo eta indartsua Doke Antzerki Taldeak emango zion, hain zuzen kintokide nuen Jesus Mari Arzek obra bat idaztea eskatu zidanean. Eskatu, idatzi, konbentzitu emakume eta gizonezko batzuk... eta horra hor Doke Antzerki Taldea 2002an.

Eskuak elkarri: titulu esanguratsua, elkarrekin egin nahi baikenuen bidea. Eszenategi honetan aritu ginen hiru egunez 2004an. 
Gero, Actto para la Noche Buena, Iragana iragan, Paradisuko atean, Galderak, Aingeru ala kurriloi, Hamaika amaren seme (alaba) eta, oraingoa, Hemen ez du inork ordaintzen.

Egundoko esfortzua, gustura burutua antzerkiz maiteminduta baikinen eta gara. Gure ahaleginak fruitu ederrak eman ditu, etorkizunak bermatzen duena... orain arteko saiakerak intentsitate berdinarekin jarraitzen badu. Eta hau, bakar-bakarrik, ekimen pribatua eta laguntza publikoa ados jarriz gero lortzen da. Euskal talde batek babes osoa behar du: ezin dakioke ukatu... batez ere 22 urte badaramatza Euskal Herriko antzokiz antzoki euskal kulturari goi mailako ekarpena ahalbidetuz.

Gure liburuak horixe erakutsi nahi du. Izan ginela, garela eta jarraitu nahi dugula izaten. Ez dugu aitortza publikorik bilatzen (kalterik egingo ez ligukeena, baina badakigu ez garela kirolariak); ez, ez dugu hori bilatzen baizik euskal kulturaren garapenean jo eta ke ari den Doke Antzerki Taldearentzat begirune eta babesa.

Eta Doke Antzerki Taldearen merituaz zalantzarik eduki lezakeenak irakur dezala liburua, eta liburuaren bitartez sar dadila obra guztietako bideoak ikustera. Eta gero hitz egingo dugu.

Eskerrik asko lagunok!! (1)



































(1) Josemari Velez de Mendizabalen hitzak, liburuaren aurkezpenerako


Argazkiak: BELUN
















No hay comentarios:

Publicar un comentario