lunes, 25 de febrero de 2019

HAMAIKA AMAREN SEME (ALABA) HISTORIA DA

Hamaika amaren seme (alaba) obra historia da Doke Antzerki Taldearen biografian. Hamabost urtetako DATen ibilaldian oso mugarri garrantzitsua gertatu da Eusko Ikaskuntzaren enkarguz taldeak Euskal Herriko antzeztoki desberdinetara eraman duen ekarpen hau. 

Ilusioz beterik ekin zion taldeak obra honen prestaketari eta orain, emanaldiak amaitu direnean, atzera begiratuz gero esfortzuak ongi merezi izan duela egiaztatzen dute DATen kideek. 

Modu seinalatuan Eusko Ikaskuntzari eskertu nahi dio DATek, berarengan jarritako konfiantzarengatik. Erakundearen lehen mendeurreneko ospakizunetan modu aktiboan aritu ahal izatea ohorea izan da DATentzat. Urratsez urratseko interlokuzio jarraikian sintonia ezin hobea izan da Eusko Ikaskuntza eta DATen artean eta obraren ekoizpena bikain gauzatu ahal izan da.


Hamaika amaren seme (alaba) antzezteko DATen nukleo egonkorra modu biziz nabarmendu behar da: testu egilea, zuzendaria, antzezleak, musika egilea, musikariak, eszenografoa, argi eta soinuaren teknikoa. Guztiok balio ikaragarria eman diote antzezlanari.

DATek, bestalde, lagunkide mordo bati ere luzatu nahi dio bere eskerrona, era batean edo bestean azken bi urtez obraren muntaketan euren alea esku zabalez eskaini duten guztiei. Obraren tituluari erreparatuz, azken emaitza ere hamaika amarena izan da. Teknikoak, jostunak, txoferrak, zamalariak, argazkilariak, kazetariak eta abar laguntzaileak izan ditugu antzezlanaren ibilaldian zehar.

DATen obra honen testigantza dokumentatua geratu da, Donostiako Antzoki Zaharrean grabatutako bideoan. Ehunka argazki eta bideo zatiak ere egin dira Oñatiko Santa Ana antzokian, Aramaioko Kultura Etxean, Arrasateko Amaia antzokian, Iruñeko Civivox Iturrama antzokian, Bilboko Arriaga Antzokian, eta Gasteizko Felix Petite antzokian. Ehun urte barru, Eusko Ikaskuntzaren bigarren mendeurrenean, DATen Hamaika amaren seme (alaba) oroitu ahal izango dute.

jueves, 14 de febrero de 2019

GASTEIZKO FELIX PETITE ANTZOKIAN

Larunbatean izango da, Gasteizko Felix Petite Antzokian. Arratsaldeko 7´30etan.  Hamaika amaren seme (alaba) antzezlana, ziurrenik, azken aldiz eskainiko du Doke Antzerki Taldeak, behintzat oraingo birari dagokionez. Gasteizko emanaldiarekin bete egingo da aldez aurretik prestatutako egitaraua.

Azaroaren 23tik ibili da taldea obrarekin eta kideen iritziz sekulako arrakasta gertatu da osotasunean. Eskarmentu ikaragarri aberatsa izan da eta antzezlana bertatik bertara ikusi duen publikoa iritzi berdinekoa delakoan daude.


Eusko Ikaskuntza izan da antzezlanaren bultzagilea, bere lehen mendeurrena dela eta. Doke Antzerki Taldea, berriz, obra Euskal Herriko antzoki desberdinetara eraman duena. Oñatiko lehen emanaldian bezain gogotsu aterako dira eszenategira antzezle guztiak Gasteizen.

Gonbidapenen bidez ahalbidetuko da Felix Petite Antzokira sarrera, eta hemengo helbidean eska dezakezu, ostiralera, 15, arte.


dokeantzerkitaldea@gmail.com

Argazkiak: Xabier Usobiaga /DAT

domingo, 3 de febrero de 2019

DONOSTIAREN OSTEAN GASTEIZ

Donostiako Antzoki Zaharra izan zen euskaldun askoren jomuga, atzo arratsaldeko 7´30etan, bertan Doke Antzerki Taldeak bere obra "Hamaika amaren seme (alaba)" eskaini baitzuen. Zazpigarren agerraldia zuen taldeak, iragan azaroan antzezlana Eusko Ikaskuntzaren Kongresuaren amaieran estreinatu zuenetik, eta larunbatean Antzoki Zaharra antzerki zalez bete zen, emanaldiaren ostean dokekideen lana biziki txalotu zutenak.


Azken hiru emanaldiak Iruñea, Bilbo eta Donostian izan ondoren, orain Gasteizi dagokio txanda. DATeko antzezleek, Felix Petite Antzokian, otsailaren 16an, eskainiko dute hurrengo saioa, arratsaldeko 7´30etan

Eusko Ikaskuntzaren erabakiz, antzokirako sarrera gonbidapenez izango da. Beraz, interesatuek helbide honen bitartez egin dezakete erreserba:


Argazkiak: DAT