viernes, 13 de diciembre de 2019

DOKE ANTZERKI TALDEA, ESKUAK ELKARRI. 15 URTE

HAMABOST URTE DIRA DOKE ANTZERKI TALDEA IZANGO ZENAREN LEHEN EMANALDI HARTATIK.

Gogora ekarri nahi dugu gaurko honetan DATen  abiapuntu haren arrazoia. Gauza guztietan bezala, beti dago zergati bat. Eta ausartuko ginateke adieraztera abiapuntuan hitz bat dagoela: adiskidantza. Horrela ekin baitzitzaion proiektuari, hain zuzen ere Goikobaluren bultzagile sutsuenetakoa zen Jesus Mari Arzek, elkartearen hamabosgarren urtemuga zela eta, bere adinkide eta adiskide Josemari Velez de Mendizabali galdetu/agindu zionean: "Zergatik ez duzu Arrasateko historiaren gaineko antzezlan musikaturako testua idazten?
 
Eskatu/agindu eta proposamena abian jarri. Eta musika? Eta antzezleak? Eta taldea zuzen zezakeena?
Musikarako adiskide batengana jo genuen: Sabin Salaberri. Antzezleak bilatzeko kintoen bazkari bateko giro adiskidetsuaz baliatu ginen, Antton Zumalde - SUDC- konplize handia izan genuela. Eta zuzendaria? Baten beharrean, bi lortu genituen, Txatxilipurdin ibilitako Itziar Rosado eta Mikel Irastorza adiskideak irabazi genituen egitasmorako. 2002ko urrian geunden.

Eta proiektua 2004ko ekainean burutu zen, 11, 12 eta 13ko emanaldiekin, Amaia Antzokian. Goikobaluk orkestra berezi bat - Behekobalu- osatu zuen eta Iñaki Maidaganek zuzendu zuen. Proiektuak ehun pertsona baino gehiago mugiarazi zituen. Atera kontua: Erdi Aroko 137 jantzi desberdin diseinatu
behar izan ziren! Aktore eta aktoresa nagusiak Kepa Errasti eta Lur Kabiketa izan genituen, Eguzkia eta Ilargiaren paperetan, Maider Arriaranek diseinatutako arropa ederrekin.

Duela hamabost urte obra hartan parte hartu zuten denoi DATen eskerrona azaldu nahi diegu, eurengatik izan ez balitz ez baiginateke orain Dokeren errealitate aberatsaren lekukoak izango.




Argazkiak: Doke Antzerki Taldea

miércoles, 5 de junio de 2019

DOKE ETA FORMAKUNTZA

DOKE ANTZERKI TALDEAK (DAT), urtero lez, formazio saioak antolatu ditu. Aurten Itziar Lazkano aktore eta zuzendaria gidatzen ari da ikastaro trinkoa.Dokekideak zein taldean ez dauden pertsonak ere ari dira parte hartzen saio hauetan.

Formazioa aktorearen lanarentzako ezinbesteko baldintza delako antolatzen ditu urtero DATek saio hauek. Aurtengoa ordea, ordutan luzeagoa izango da: 6 egunetan banatuko da, egun bakoitzean hiru ordutako saioak egingo dituztelarik. Zehazki, interpretazioa eta ahotsa da lantzen ari direna.

Dokeren helburua ikasten jarraitzea  da, geroz eta aktore osatuagoak izateko eta sortuko diren antzezlan eta ekintzetan geroz eta kalitate hobeagoa eskaintzeko. Beraz, jarraitzen dugu gure bidea egiten, formatzen eta proiektu berriak garatzen.

Egon adi!

jueves, 11 de abril de 2019

ARRASATEKO UMEZAINTZAKOAK LAGUN

Arrasateko Umezaintzako  lau eta bost urteko haurrak Doke Antzerki Taldearen lokalera agertu dira gaur goizean eta Mariasun Pagoaga eta Maider Alzelay kideek modu atseginez eman diete ongietorria. Hirurogeita hamar txikitxo izan dira euren andereñoekin bertaratutakoak eta saioa oso polita gertatu da. Behintzat umeak dibertutu egin direla esan daiteke, okertzeko bat ere beldurrik gabe. Euskal mitologiako pertsonaiak aurkeztu dizkiete
Maider eta Mariasunek ikusle (eta ikasle) gaztetxoei eta hurrengorako hitzordua egin dute jada.

Eskerrik asko, laguntxoak. Ziur gaude zuek hartuko duzuela lekukoa gaur zuen irakasleak izan direnen eskuetatik. Nahi duzuenera arte.


Eta hona hemen bideotxo bat:

lunes, 11 de marzo de 2019

HAMAIKA AMAREN SEME (ALABA) Bideoa

https://youtu.be/ycO8InobzyA

Doke Antzerki Taldeak otsailean itxi zuen Hamaika amaren seme (alaba) bere obraren azken kapitulua eta abentura berrietara enbarkatu aurretik, aipatu antzezlanak taldearentzat adierazi duenari buruzko errepaso bat egin berri du.

Eusko Ikaskuntzaren lehen mendeurreneko mugarri historikoak egundoko bultzada eman dio taldeari eta indar berriekin dago, etor daitekeenaren zain.

Lehenik, dena den, Donostiako Antzoki Zaharrean otsailaren 2an izandako antzezpena partekatu nahi dute taldekideek euskal antzerkiaren zale guztiekin. Aurreko beste obra batzuekin egin zuten bezalaxe, Hamaika amaren seme (alaba) ere ikusgai dago jadanik modu librean. Disfrutatu bideoarekin dokekideak emanaldi bakoitzean disfrutatu ziren moduan.

Hona hemen bideoa:






Argazki galeria