sábado, 17 de febrero de 2018

OBRA BERRI BATEAN, BETE BETEAN

Doke Antzerki Taldeak beste obra bat taularatuko du aurten eta buru belarri ari da prestakuntza lanetan. Bi urte eman dira "Aingeru ala kurriloi?" antzezlana eskaintzen hasi zirenetik eta artean haren dramatizazioa ahaztu gabe bestelako antzezlan berri baterako konpromisoa hartu zuten dokekideek, eta 2018ko azaroan dute hitzordu berria.
 
Aurrekoetan bezala, Aramaion ari dira entseguetan, Vene Herrero zuzendariaren gidaritzapean. Baina obrak berrikuntza sakona dakar eta ohiko dokekideez gain gazte multzo baten presentzia nabarmentzen da. Laster albiste gehiago izango dira DATen muntaia berri honetaz.





Argazkiak: DAT

 

jueves, 8 de febrero de 2018

"MATEOREN AMA" IZANGO DA MARIASUN PAGOAGA


Modu txikitxoan parte hartu zuen "Handia" filmerako txaloak oraindik amatatu ez direnean, beste egitasmo batean ari da Mariasun Pagoaga dokekidea, oraingoan ere Moriarti ekoizlearen eskutik. Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagak idatzitako gidoia da. Laburmetraia formatoan errodatuko da eta "Mateoren ama" izango du titulua. Dagoeneko, entseguetan ari dira. Mariasunek bi pertsonaiari eman beharko dio bizitza. A! Eta gainera, Mariasunek pelikulan Arrasateko kaleko euskalkia erabiliko du.

Dokekidearen zine-eskarmentuko zenbatgarren pelikula dueneko kontua galdu dugunean - zazpigarrena, oker ez bagaude- Mariasunek biziki eskertzen du Moriartikoek berarengan berriz ere jarritako konfiantza. Beti esan duen moduan, luxu bat da Arregi, Goenaga, Garaño eta abarrekin lan egitea. Oso pozik dabil dokekidea aukera berri honekin. 

Mariasunek aurten dituen helburuen artean ez da bakarrik pelikula hori agertzen. DATekin beste egitasmo bat ari da prestatzen, azaroan taularatuko dena. 

Zorionak Mariasun!

martes, 23 de enero de 2018

MAIDER IPUIN KONTALARIA



Beste behin ere aritu ginen txoko honetan Maider Alzelayri buruz. Dokekide gazte trebea dugu Maider eta azken honetan egitasmo polit batean dabil, ipuin kontalari bezala. DATaren ekoizpen berrian buru belarri sartuta ari bada ere, oraindik orduak geratzen bide zaizkio eta bera bakarrik edo Vanessa Gonzalezekin batera Euskal Herriko puntu askotara heldu da bere artearekin. 

Biziki atsegin du Maiderrek antzeztea eta edozein formato aukerakoa du publikoarengana heltzeko. DATarekin daramatzan urteetan ikusle helduentzat aritu den erraztasun berberarekin haurrentzako ipuin, alegi eta legenden esparruan ere eroso sentitzen da Maider. Bejondeiola eta aurrera!

Informazio gehiago: http://maideralcelay.blogspot.com.es/

lunes, 24 de abril de 2017

AINGERU ALA KURRILOI? AGUR

DOKE ANTZERKI TALDEAk itxi egin du "Aingeru ala kurriloi? obraren kapitulua,  oso emaitza onarekin itxi ere. Vene Herreroren zuzendaritzapean aritu zen DAT antzezlan horrekin eta kritika guztien arabera taldeak ordura arteko bere estiloa guztiz aldatu zuen, irri antzerkian ez ezik draman ondo moldatzen direla erakutsiz.

Eskerrak eman nahi dizkiete DATeko kideek, obra ikustera hurbildu zirenei. Baita kritika eta medioei, horiek gabe ezin baita zirkulua bete.

DATek bideo bat egin du obrarekin eta interesatuak koxmezubia@gmail.com helbidean eska dezake.
Halaber, obraren testua lor dezakezu helbide berdinera joz.

DAT beste egitasmo batean dago une hauetan eta 2018an irtengo da ostera antzeztokietara.

martes, 21 de marzo de 2017

MAIDER ALZELAI, FINALERA


Maider, finalaurrekoan
Maider Alzelai DOKE ANTZERKI TALDEAREN kidea Ordiziako V Ahozko Narrazio lehiaketan hartzen ari da esku, modu arrakastatsuan, eta datorren ostiralean finalean egongo da. Ahoz Aho, ahozkotasunaren nazio arteko jaialdiaren azken gala da. Eta gure kideak bere artearen erakuspena egingo du publiko adituaren aurrean.


Maiderrek lehiaketa honetarako Fernando Alonsoren “El hombrecito vestido de gris” ipuina hautatu du eta dokekidea euskarazko bertsioa eskaintzen ari da “Grisez jantzitako gizona” izenburuarekin. 

 

Ipuin kontaketarako duen trebetasuna beste bi finalistekin lehiatu beharko du Maiderrek: Ane Gebara gasteiztarra eta Amaia Pagola tolosarra. Hitzordua, gaueko 10etan, Ordiziako Barrena jauregian.


Animo Maider! Zailena egin duzu!

Argazkia: Joxe Otaduy

domingo, 5 de febrero de 2017

AURRERA DOA LA CASA DE BERNARDA ALBA

Vene Herrero
DOKE ANTZERKI TALDEAren zuzendaria den Vene Herrero egundoko arrakasta lortzen ari da  "La Casa de Bernarda Alba" obrarekin. Egia esan, aktoresa guztien lana oso ederra da eta hori islatzen da ikuslegoaren erantzunean, orain arteko emanaldi guztietan Bilboko Pabellon 6 (P6) antzokia bete egin baita.

Vene Herrerorekin batera - Bernardaren paperean- Olatz Ganboa, Idoia Merodio, Nagore Navarro, Leire Orbe, Carmen Pardo, Aiora Sedano eta Yannick Vergara bikain ari dira Federico Garcia Lorcaren antzezlan ospetsuaren bertsio berrian, Itziar Lazkanoren zuzendaritzapean.

David Barbero antzerki kritikoak dio bere blogean  ekoizpen honen inguruan:  

"Destacar el serio y concienzudo trabajo realizado por cada una de las actrices en esa construcción del personaje individual y en su contribución al desarrollo coral absolutamente necesario en esta obra. Habría que felicitar a todas y cada una"

Desberdintasuna eta emakumearen aurkako  bortizkeria atzetik datozen modelo kulturalen irrazionaltasunetik elikatzen direla islatzen da Garcia Lorcaren obran, tentsio jarrikian garatutako testu aberatsari esker.

Emanaldiak otsailaren asteburuetan izango dira Bilboko Ribera de Deusto, 47ko P6 antzokian.

Argazkia:P6 antzerki laborategia



lunes, 9 de enero de 2017

BERNARDA ALBA DA VENE HERRERO



VENE HERRERO, DOKE ANTZERKI TALDEAREN zuzendaria, antzerki proiektu eder batean dago sartuta buru belarri. Eta hil honetan bertan estreinatuko dute, Bilbon.

BERNARDA ALBAREN ETXEA dugu egitasmoa, eta hil honen 20an emango da lehen aldiz, Bilboko Zorrozaurreko Pabiloi 6 deritzanean. Hil honetan, 20-21-22, 27-28 eta 29an eskainiko dute. Baita otsaileko asteburuetan ere. Sarrerak Internet bidez lor daitezke, jadanik.

Vene Herrerok Bernarda Albaren papera egiten du. Gainerako aktoresak Olatz Ganboa,  Idoia Merodio, Nagore Navarro, Leire Orbe, Carmen Pardo, Aiora Sedano eta Yannick Vergara ditugu eta zuzendaria Itziar Lazkano da. 

Vene Herrerok azaltzen digu oso erronka interesgarria izan dela berarentzat Federico Lorcaren egintza hau. "Oparia balitz bezala hartu dut" aitortzen du, eta gogora ekarri nahi izan ditu talde osoaren hitzak:


"Pabellón nº 6 Antzerki Laborategira zenbait EMAKUME, antzerkiko profesionalak, bildu gara, BERNARDA ALBAREN ETXEA mirari poetikoak adierazten duen zapalkuntza patriarkal aluaren iraunkortasunaren kontrako oihu iraultzailea jasotzeko. Iragan hurbilerako bidaia, lau belaunalditako jauzia hain zuzen, EMAKUMEAREN AURKAKO DESBERDINTASUN ETA BORTIZKERIAren erroak atzetik datozkigun modelo kulturalen irrazionaltasunetik elikatzen direla ulertzeko. Denok ezagutzen dugu klasiko honen amaierako esaera. Bere alabaren heriotzaren ostean, matriarka handiak betiko irtenbide ergela inposatzen du: “Isiltasuna, isiltasuna esan dut! Isiltasuna…”… Guk horri ezetz esaten diogu"