viernes, 22 de marzo de 2013

HARRIZ PENTSATZEA // PENSAR EN PIEDRA



Itziar Rekalde DATeko zuzendariak obra berri bat estreinatu du gaur gauean, Gasteizko La Monstrenka  aretoan.  "Harriz pentsatzea" (Pensar en piedra)  bakarrizketa interaktiboa eskaini du oso emanaldi bikainean. Bukaerako txaloek justizia egin dute,  ordubete luzeko antzezpenak une ederrak pasarazten baitizkio ikusleari. 

DATeko zuzendariak gazteleraz eman du gaurko saioa baina  euskarazko bertsioa ere prestatua dauka. Obraren dramaturgiaz Itziar bera eta Ana Perez arduratu dira. 

Gonçalo Tavares, Jose Blanco eta Itziar Rekalderen beraren testua da "Harriz pentsatzea", eta egileek diotenez "bideko geldiune bat da; bizitza une izoztu bat. Izateari arrazoi bat bilatu nahi izatea da, izaeraren beraren indarrak zapalduta geratzen dena. Harriak bera geldiarazten duen pisua adierazten du eta halaber bidea markatzeko lanabesa, aurrera egiten segitzeko zubia. Gatazka eta babesa da"

 "Mundua lotan dagoela bidaiatzea dut atsegin, horrela gauzak arnasa modu naturalean hartzen ari ikusten baititut. Lotan gaudenean bakarrik gara naturalak. Guztia dago dagokion tokian eta gauzak goitik behatzen ditugu. Ikusteko gai naiz. Horregatik gustatzen zait nire burua hainbeste. Dena lotan dagoelako, inork ikusten ez nauelako eta nire burua ikusten dudalako gustatzen naiz"  zioen Itziarrek bere interpretazioan.


 

sábado, 16 de marzo de 2013

PARADISUKO ATEAN, DVD ETA INTERNETen




PARADISUKO ATEAN obrarekin amaitu ondoren iritsi da garaia produktua beste bide batetik zuzentzeko eta dagoeneko DVD bat ekoiztu dugu, Arteman enpresaren laguntzarekin. Ordu beteko emanaldi osoa grabatu zuen Artemanek, DATek Arrasaten urtarrilaren 13an burutu saioan. Beraz, zuzeneko grabaketa da eta taldekideok oso gustura geratu gara azken emaitzarekin.

Norbaitek eskuratu nahi badu DVDa  taldekideren baten bitartez eska dezake. Lagunentzako prezio berezia daukagu.




Bestalde, bideo osoa Interneten ikus daiteke, honako helbide honetan: 

http://www.youtube.com/watch?v=fhYPgWPbsyg



lunes, 25 de febrero de 2013

PARADISUKO ATEAN, AGUR


Dokekideak eta teknikoak, Santa Ana antzokian
Atzo Oñatin eman genion amaiera PARADISUKO ATEAN obraren ekoizpenari. Puntu eta beste orrira jo dugu, beraz, eta 2011ko irailean hasi genuena otsaileko igande elurtsu batean bukatu dugu. Eta oso pozik, gainera, arras interesgarria gertatu baitzaigu DATen laugarren obra honen ibilaldia. Iazko ekainaren 1ean izan zen lehen saio publikoa, Arrasateko Amaia antzokian, eta Oñatiko Santa Ana antzokian izan zen azkena, atzo arratsaldean.

Eskerrak eman nahi dizkizuegu, hilabete hauetan gurekin egon zareten guztiei. Komunikabideak, teknikoak... publikoa. Benetan, esker mila.

PARADISUKO ATEAN erronka bat izan zen DAT-rentzat eta oso nota positiboarekin itxi dugu gure historiaren laugarren kapitulua. Hor dago gure lekukotasuna: "Eskuak elkarri", "Actto para la Noche Buena", "Iragana iragan" eta jadanik iragana ere den "Paradisuko atean".

martes, 12 de febrero de 2013

PARADISUKO ATEAN, OÑATIN

Hil honen 24an izango da PARADISUKO ATEAN obrarekin eskainiko dugun azken saioa. Behintzat, oraingoz. Azken emanaldia Oñatiko Santa Ana antzokian izango da, arratsaldeko 7´30etan.

Iazko ekainean hasi ginenetik aukera zabalak izan ditugu obra antzeztoki desberdinetan azaltzeko eta egindakoarekin  itxitzat ematen dugu. Oñatiko hitzordu hori, beraz, puntu eta beste lerrora izango da. Obra berdinarekin inoiz itzuliko ote garen asmatzerik ez dagoenez gero, laster arte bat esango dugu.

Oñatiko emanaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude http://www.barrabarra.eu/events/buy/474 tokian.



Jakina, oraindik DATen azken ekoizpena ikusteko aukera izan ez dutenak gonbidatuta daude Oñatira.

 

lunes, 14 de enero de 2013

ATZOKO EMANALDIA

Iragarrita zegoen bezala, atzo, igandez, emanaldi berezia eskaini genuen Amaia Antzokian, Mondraberri agerkari digitalaren alde. Atzokoa aparteko mugarritzat geneukan, izan ere Mondraberrikoekin ekitaldia adostu genuenetik oso gustura aritu gara  entsaio eta prestaketa lanetan. Eta urtarrilaren 13ko data azpimarratuta zegoen DOKEren agenda partikularrean

"Paradisuko atean" obraren aurkezpena iazko ekainaren 1 eta 2ko emanaldietan egin zen eta orduan estreinaldi guztietako nerbioekin aritu ginela gogoratzen genuen. Atzokoaren atartean ere urduritasuna agertzen zen arren, ez genuen berdina. Duela zazpi hilabetetako publikoa eta atzokoa diferenteak ziren, nahiz eta -kasu batzuetan- pertsona berdinak ikus genitzakeen eserlekuetan. Baina atzo beste arrazoi desberdinak ekarri zituen ikusle guztiak Amaia Antzokira eta hori garbi genuen dokekideok.

 

Blog honetan bertan idatzi izan dugun bezala, euskarazko hedabideak kinka larriko ondorioak pairatzen ari dira eta ezin dakieke etorkizuna urdin kolorez margotu. Horregatik, euskal kazetaritza duintasunez burutu nahi duten medioak euskaltzaleok geure ahalmen mugatuetatik eskain dezakegun laguntza eta babes osoaren premian daude. Batez ere, txikitxoak.

DOKEk bere apaltasunetik bide horretan segituko du, euskararen etorkizunean sinesten baitu. Horregatik hautatu genuen euskara gure lanerako!


Argazkiak: MONDRABERRI

jueves, 10 de enero de 2013

IGANDEAN, AMAIA ANTZOKIAN, 19´30etan

Igandean Mondraberriren alde izango den ekitaldirako gauzak prestatzen ari dira eta jakin badakigu agerkari digitaleko lagunek Arrasateko beste talde batzuen laguntza lortu dutela. Bilerak izan dituzte azken egunotan eta bihar, ostirala 11, arratsaldeko 7etan elkartu egingo dira herriko plazan. Han egongo direla agindu dute, besteak beste, Portaloi abesbatzak, Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeek eta Txistularien taldeak, DOKEkoekin batera, noski.

Mondraberriko arduradunek modu bereziz eratu nahi dute igande arratsaldeko ekitaldia. Horrela, 7 1/2 etan emango zaio hasiera DOKEren "Paradisuko atean" emanaldiarekin eta amaieran aldizkari digitaleko langileek idazki labur bat irakurriko dute eszenategitik. Jarraian Amaia antzokira bertaratutakoei gonbitea egingo diete kazetariek, eszenategira igo eta Portaloi abesbatzarekin batera pare bat abesti kantatzeko.

Mondraberriren aldeko saio honetarako sarrerak honako tokietan daude salgai: Ttukun kopistegian, Lore eta Zabaleta lurrin dendetan, Muruamendiaraz gozotegian, Monte, Kajoi, Iluntz, Taupa, Iamai, Irati eta Arrasate tabernetan. Igandean bertan ere Amaia antzokiko lehiatilan, arratsaldeko 6´30etatik aurrera. Prezioa, 10 euro.



viernes, 4 de enero de 2013

URTE BERRIARI EKINEZ, AMAIAN

Azken hilabeteotan Euskal Herriko zenbait antzokitatik eraman duen obrarekin ekingo dio DOKE ANTZERKI TALDEAK urte berriari. Baina oraingo honetan, ekitaldiaren helburua euskal medio baten alde agertzea da.

Euskarazko komunikabide guztiak gorriak eta bi ikusten ari dira. Oso emaitza ekonomiko kaskarrak aurkeztu dituzte amaitu berri den urtean eta jada gurekin daukagun 2013koa ez da hobea izango, toki denetatik iristen zaizkigun iragarpenen arabera.

Euskarazko komunikabide guztiokin batera dator DAT, aurrera begira lan egitea dagokigula pentsatzen denean. Itxaropentsu eta baikorrak izatea, beste irtenbiderik ez dugu. Horregatik, euskal kulturaren aldeko oraingo ekintza hau Mondraberriren lagunekin batera antolatzea iruditu zitzaion taldeari: laguntza guztiak gutxi izango dira, gure hizkuntza aurrera aterako bada. Eta saio berezia eskainiko du DOKEk. Bere eskaintza ahalmen apaletik, beste edozein euskaltzaleri laguntza luzatuko liokeen bezalaxe, Mondraberri agerkari digitalaren deiari aditu zion eta birritan pentsatu gabe eszenategira irtengo da taldea, gustura.

Urtarrilaren 13an, arratsaldeko 7´30etan, Arrasateko Amaia Antzokian arituko da DAT, "Paradisuko atean" obrarekin.

Arrasateko euskaltzaleoi deia egitea dagokigu, Mondraberriren eguneroko izpiak jasotzen jarrai dezagun.